Erabiltzaileen datuak Bethesdako plataformatik Valve-renera migratzen hasteko prozesuari hasiera eman diote.

Bethesdak bere PC-ko plataforma ixteko prozesuari hasiera eman dio. Hori horrela, estudioaren zenbait joko klasiko Steameko saltokian azaltzen hasi dira. Horietako asko, gainera, doan eskura ditzakete jokalariek.

Antzinako tituluei buruz ari gara, baina benetan ezagunak eta esanguratsuak direla nabarmendu behar dugu. Alde batetik, The Elder Scrolls frankizia erraldoiko lehen jokoak eskaintzen ari dira: 1994. urteko The Elder Scrolls Arena zein 1996. urteko The Elder Scrolls II: Daggerfall guztion eskura jarri dituzte.

Gaur egungo jokalarientzat joko latzak egin daitezkeen arren, beren xarma eta magia guztia mantentzen jarraitzen dute RPG zaharrek.

The Elder Scrolls sagako beste joko batzuk ere iritsi dira Steamera, baina hauen kasuan ordaindu egin beharko dugu jokatu ahal izateko. Agian horren ezagunak ez diren The Elder Scrolls Adventures: Redguard eta An Elder Scrolls Legend: Battlespire lanei buruz gabiltza; hauen kasuan 5,99 euro ordaindu beharko ditugu bakoitzarengatik.

RPG frankiziako jokoak ez dira, ordea, Steamera dohainik jokatzeko iritsi diren bakarrak. Bethesdaren tituluen artean bideojokoen munduko beste saga ezagun bat aurkitzen da: Wolfenstein. Horren kasuan, joko bakarra dabiltza eskaintzen ordaindu gabe jokatzeko: Enemy Territory multijokalari lan bikaina.

Kasu hau berezia da, multijokalarira bideratutako tiro jokora behar bezala jokatzeko mod-ak erabili beharko ditugu-eta. Gainerako jokalariekin aritzeko ETLegacy bezalako zaleen modifikazioak jaitsi beharko ditugu; jokoak bere horretan bot-en aurka aritzeko aukera baino ez du eskaintzen une honetan.

Arestian aipatu modura, joko hauek Bethesdak bere launcher-a itxiko duelako ari dira Steamera iristen. Dagoeneko Bethesda.net plataforman daukagun erabiltzaileko datuak Steamera migra ditzakegula jakitera eman dute arduradunek. Datu horien artean bideojokoak, hodeian gordetako partidak nahiz diruzorroan gordetako diruak aurkitzen dira.

Migrazio prozesua erraza da: esteka honetan sartuta gure Bethesdako erabiltzailea Steamekoarekin lotu beharko dugu, eta ondoren guztia batetik bestera mugitu beharko da. Behin prozesua amaituta, mezu elektroniko bidez baieztatuko digute dena behar bezala egin dela. Migratzea datozen hilabeteetan egiteko aukera egongo dela agindu dute arduradunek.