Konstantzako unibertsitateak bere euskara irakurlearen bidez hainbat hitzaldi kultural antolatu ditu eta Game Erauntsia bertan izango da.
Udaberria iritsi da Konstantzako Unibertsitatera eta bertan Etxepare Institutoaren bitartez euskara irakurlea den Asier Casadok hainbat hitzaldi antolatu ditu euskara, euskal kultura eta gizartea ikusarazteko. Bideo-jokoak eta euskara bertan izango dira Game Erauntsia Elkartearen eskutik.
Damian Madinabeitia doktorea izango da Game Erauntsia Elkartearen ordezkaria ekitaldian eta Basque Language and video games: creating a place in the industry and playerbase hitzaldia aurkeztuko du.
Landuko diren gaien artean honakoak daude:
- Game Erauntsia elkartearen lana euskara eta bideo-jokoak sustatzeko
- Euskal Herriko bideo-joko garapen sektorearen egoera
- Euskararen egoera bideo-jokoen arloan
- Euskaraz jokatu daitezkeen bideo-jokoen zerrenda
Hitzaldia gaur izango da, arratsaldeko 18:15ean. Soilik online jarraitu ahal izango da honako estekan. Ez da beharrezkoa izena ematea.
Gainontzeko hitzaldiak
Euskal Udaberriaren baitan jadanik bi hitzaldi aurkeztu dira, lehena euskaldun eta zelten hizkuntz eta kultura harremanei buruz eta bigarrena Bilboko euskarari buruzkoa.
Bideo-jokoen inguruko hitzaldiaren ostean beste bi hitzaldi eskainiko dira, biak euskal zinemari buruzukoak. Ekainak 16an 18:15etik aurrera Maitane Junguitu doktorea, Game Erauntsiko kide dena, euskal animazio zinemari buruz arituko da Basque animation: 35 years of living stories hitzaldian.
Ekitaldiari amaiera Alba Picado ikerlariak emango die Female protagonist in new Basque narrative and cinema aurkezpenarekin. Azken solasaldia ekainak 23, arratsaldeko 18:15ean izango da.
Iruzkinak