Emakume bideo-jokalariek jasotzen dugun jazarpenari buruz jardun genuen solasaldian Jone Zalduegirekin.

Aurreko astean Game Erauntsia Elkartea Bideo-jokoak, sare sozialak eta jazarpena solasaldian elkartu ginen Emoki Elkarteko Jone Zalduegirekin. Izenburuak adierazten duen moduan, bideo-jokoak begirada feministaren bidez aztertu genituen, zehazki emakumeok jasotzen dugun jazarpenari buruz aritu ginelarik.

Ekitaldiaren gonbidatua Jone Zalduegi izan genuen, integratzaile soziala, hezitzaile sexual eta familiarra eta hezkidetzan aditua. Emoki Elkartearekin hainbat urte daramatzate espazio fisikoan eta digitalean ongizatea bultzatzen. Beraien lan arlo nagusietako bat teknologiaren erabilpenari lotuta dago: konkretuki honek gure arretan, ongizatean eta portaeraren duen eraginari buruz jarduten dute. 

Game Erauntsiaren aldetik Maitane Junguitu aritu zen solasaldiaren gidari. Komunikazioan doktorea da eta euskal bideo-jokozaleen komunitatearen baitan berdintasuna bermatzeko lanean ari da.

Ordubete inguru iraun zuen mahai inguruak eta eztabaidagaiak hiru bloketan banatu ziren: teknologiaren maskulinizazioa, bideo-jokoak eta hauen baitan emakumeek jasotzen duten jazarpena eta espazio ez-mixtoen garrantzia. 

 

Hauek izan ziren hausnarketaren ondorioak:

Hasteko, bideo-jokoen industria kapitalismoan oinarritzen dela azpimarratu zen. Bideo-jokoak saltzea helburu izanik, enpresek eduki inklusiboak baino etekinak bilatzen dituzte eta estereotipo sexistez hornitzen dituzte jokoak. Hori emakumeak (eta zehatzago neskatoak) bideo-jokoetatik aldentzea dakar eta ondorioz, profesionalki teknologia arloan ez jardutera eramaten ditu.

Bideo-jokoak ez dira mutilen gauza, baina espazio publikoan gizonak inposatzeak aurreiritzi hori dakar. Hori bideratzen duen arrazoietako bat bideo-jokoen ikus-entzunezkoen promozioa da, izan ere, nahiz eta arlo honetan emakumeak egon hauek ez dute jasotzen ikusgaitasun eta publizitatea berdina. Ez hori bakarrik, Interneteko algoritmoek aniztasuna zabaltzen duten edukietara sarbidea zailtzen dute. Beraz, beharrezkoa da bideo-jokoen arloan emakumeei ikusgaitasuna ematea, batez ere kontsumo altua duten bideo plataformetan, YouTuben eta Twitchen esaterako.

Sare sozialetan ematen den jazarpenari dagokionez, Jone Zalduegik azaldu zuen indarkeria anonimotasunari lotuta dagoela hein handi batean. Inpunitate hau sare sozialetan ez ezik bideo-jokoetan online jokatzen dugunean ere ematen da, besteak beste erabiltzaile izen femeninoak erabiltzerakoan edota ahots txatean emakume ahotsa entzutean.

Emakume bideo-jokalariak estereotipoei ere lotuta agertzen dira. Hauen jokatzeko trebezia ebaluatuko da eta soilik bikaintasuna onartuko zaie. Horretaz gain, emakume bideo-jokalariak objektibizatuta agertzen dira, beraien fisikoa, janzkera eta nortasuna modu zehatz batekoa izan behar delarik gizartean arrakastatsuak izateko.

Jazarpenari aurre egiteko espazio ez-mistoak lagungarriak direla adierazi zuen Jone Zaldunegik. Bertan erabiltzaileak babestuta sentitzen dira, askatasunarekin, eroso eta hitz egiteko eta epaituak sentitzeko beldur gabe. Gizonek soilik osatutako espazio ez-mistoak ere erabilgarriak izan daitezke estereotipo eta aurreiritziak desegin eta norbera deseraikitzeko.

 

Mahai ingurua berriro ikusi nahi izanez gero hemen duzue:

Egitasmo hau Game Erauntsiak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzatik jasotzen duen babesari esker burutu zen.