Emakume bideo-jokalariek jasotzen duten jazarpenari buruz arituko gara Emoki Elkarteko Jone Zalduegirekin.

Gaur 18:00etatik aurrera Game Erauntsia Elkarteak Bideo-jokoak, sare sozialak eta jazarpena solasaldia aurkeztuko du Twitchen.

Mintzaldiaren helburua feminismotik abiatuta bideo-jokoen inguruan jardutea izango da. Konkretuki, emakume bideo-jokalariok, hala nola kazetari adituek Interneten jasotzen dugun jazarpenari buruz arituko gara.

Horretarako gonbidatu berezi bat izango dugu, Emoki Elkarteko Jone Zalduegi. Gure hizlaria integratzaile soziala, hezitzaile sexual eta familiarra eta hezkidetzan aditua da. Emoki Elkarteak hainbat urte daramatza espazio fisikoan eta digitalean ongizatea bultzatzen. Gainera, beraien lan arlo nagusietako bat teknologiaren erabilpenari lotuta dago, konkretuki honek gure arretan, ongizatean eta portaeraren duen eraginari buruz jarduten dute.

Emoki Elkarteak hainbat urtez landu dituen formakuntza, sentsibilizazio eta programetan bideo-jokoak etengabe agertzen dira. Izan ere, bideo-jokoak Interneteko eta teknologiaren kontsumoari lotuta daude, esaterako, nerabeen artean. Besteak beste Jone Zalduegi 2019ko Jokotekniako jardunaldietan izan genuen Feminismotik bideo-jokoetara hitzaldiarekin. Konferentzia horretan bideo-jokoetako pertsonaien estereotipoei buruz aritu zen.

Gaurko solasaldia, Bideo-jokoak, sare sozialak eta jazarpena, 18:00eta hasiko da eta Game Erauntsia Elkartearen Twitch kanaletik jarraitu ahal izango da. Ekitaldian Maitane Junguitu Game Erauntsiko kidea izango da gidari. Zuzenekotik pasatzen den oro txatean parte hartzera animatu nahi dugu.

Egitasmo hau Game Erauntsiak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzatik jasotzen duen babesari esker burutu zen.