Bideojokoen industriak indar betean dihardu. Azken urteotan sekulako gorakada ikusi dugu ekoizpenen zein salmenten zifretan. Industria elikatzeko, hala eta guztiz ere, bideojokogileak beharrezkoak dira. Euskal Herrian ere gorakada handia bizi du sormenez betetako mundu honek; dena den, sortzaile gehienek atzerriko enpresetan lan egiten dutenez, egile euskaldunek elkar ezagutzeko aukerak urriak izan ohi dira, ez bada, behintzat, sare sozialen edo topaketen bidez.
Desbirtualizatzeko eta elkar ezagutzeko aitzakia gisa sortu dira euskal bideojokogileen topaketak. Aurten, bigarrena antolatu dute Game Erauntsia Elkarteak eta Zomorro Studio taldeak, Usurbilen —iazko lehen topaketa Bergaran gauzatu zen—, Euskal Herriko txoko guztietako sortzaileak elkartuta. Apirilaren 11n alor desberdinetako sortzaileak bildu, eta lanak aurkezteko zein norbere burua ezagutzera emateko aprobetxatu zuten, askotariko helburuak edo helmugak izanik.

Potxoenea Kultur Etxean egindako lanak aurkezten ibili ziren bideojokogileak.
Egile bakoitzak proiektu pertsonalak nahiz ekoizpen handiak aurkeztu zituen: Game Jam ekimenetan egindako sorkuntza txikietatik edo Artstation zein Instagram sareetan argitaratutako artelanetatik hasita, esku artean dituzten bideojokoak eta Square Enix, Moon Studios, MiHoYo nahiz Gameloft taldeen aterpean sortutakoak erakutsi zituzten partaideek. Maila eta kalitate bikaineko proiektuak, oro har; tamalez, industriatik kanpo, oso gutxi dira sortzaileak Euskal Herrian zehar ezagunak dituztenak.
Askok sare sozialen bitartez elkar ezagutzen bazuten ere, harresiak eraitsi, eta, txoko fisikoan, ezagutza zein trebezia partekatzeko gune bilakatu zen Usurbilgo Potxoenea Kultur Etxea. Gomendioak, pasadizoak, bizipenak, esperientziak aholkuak, lan eskaintzak… denetarikoen inguruko hausnarketa eta eztabaida sortu zen. Bazkalorduan, hizketaldiek jarraitu zuten, zelan ez.
Industriaren lanpostuetan eta esparruetan barneratuta
Bideojokogileengan pentsatzerakoan, burura datozen lehen ogibideak programatzailearena edo artistarena dira. Oinarrizko jokoak sortzerakoan ezinbestekoak diren arren, denetariko lanpostuak eta eginbeharrak egon daitezke industrian, aipatutako bien adarrak barne.
Adibidez, programazioaren mundutik etorritako garatzaileek jokoak funtzionarazteko kodea idatzi baino gehiago egin dezakete: bideojokoen diseinu orokorra bideratzea izan daiteke beren kargua, zuzendari lanak burututa, edo mailen diseinua lantzeaz ardura daitezke, besteak beste. Bideojokoak eratzerakoan erabiltzen diren garapen motoreen sorkuntzan ere barnera daitezke: gaur egun, Unreal Engine, Unity, Godot edo Construct bezalako tresnak dira ezagunenak, baina berezko erremintak erabiltzen dituzten egileak ere aurkitzen dira industrian. Zomorro Studioko arduradun Ibai Aizpurua, Ander Goenaga gameplay diseinatzailea edo Julen Irazoki programatzailea hurbildu ziren, besteak beste.
Artisten munduan aukera mordoa daude, hasierako arte kontzeptuala sortzetik, pertsonaien edo inguruneen 3D modeloak eratzera, menuak edo interfazeak prestatzera, testurak moldatzera edo jokoetako zinematiketan —nahiz hauek promozionatzeko erabilitako trailerretan— ageri diren bideoak sortzera bidera daitezke-eta. Esparru honetako Julen eta Xabi Urrutia anaiek, Jon Juarez, Ander Lizarraga edo Mikel Egia artistek parte hartu zuten, beren esperientziak partekatuz.
Rolak ez dira aipatutakoetara mugatzen, dena den. Gidoilariak, itzultzaileak, musikagileak, soinu ingeniariak, probatzaileak… bideojokoak urte luzez prestatu beharreko ekoizpen erraldoiak dira —obra komertzialei buruz ari bagara, behintzat—, eta arlo guztietako adituak dituzte atzean; marketing edo ekoizpen langileak ere dituzte tartean, eta, bideojokorik handienen kasuan, aktoreak zein bikoiztaileak ere ikusiko ditugu lan desberdinak burutzen.
Topaketara bideojokoen munduaren orbitan dabiltzan bestelako marrazkilariak, diseinatzaileak, animatzaileak, kazetariak eta zaleak ere hurreratu ziren. Betidanik jokozaleak izan diren Joseba Larratxe komikigilea, Markel Urrutia ilustratzailea, Beñat Ramos itzultzaile amateurra… beste ikuspegi batetik bideojokoei heltzeko aukera ere egon zen, modu horretara, beharrizan eta amets desberdinak nabarmenduta.
Euskal Herritik mundu osorako lanean
Euskal Herriko bideojokogileek atzerrira bidaiatu behar izaten dute, gehienetan, lan bila; geroz eta ohikoagoa da, baita, telelanaren kasua, eta bertan batutako askok etxetik lan egiten dutela aitortu zuten.
Topaketekin, helburua ez da elkarri aurpegiak jartzeari mugatzen, ordea: Euskal Herrian garatutako bideojokoen zifrak eta hauen kalitateak gora egin ahala, ezinbestekoa da bertako sortzaileek —eta enpresek zein elkarteek, noski— sareak eratzea, etxeko industria indartu eta sendotu nahi bada.

2025ean Bergaran burututako topaketaren partaideak.
Egun, bideojokogile euskaldunek bakarka edo talde txikietan lan egiten dute. Enpresarik eratu gabe, autonomo gisa, edo, bestela, ordu libreetan bideojokoak sortuta. Badira bestelako kasuak, non estudioek langileen dozena gainditzen duten, baina oso gutxi zenba daitezke.
Egoera aldatzea eta hazten ari den industrian Euskal Herritik euskaraz lan egitea bermatzeko bideak aurkitzea da erronketako bat. Nazioartera bideratutako ingurunean ingelesez —edo japonieraz, frantsesez zein txineraz— hitz egitea ezinbestekoa izango bada ere, etxean euskaraz egin ahal izateko, eta argitaratutako bideojokoak gure hizkuntzan egoteko formulari begira jartzea.
Euskara hedatu nahian
Euskaratutako 230 bideojoko baino gehiago aurkitzen dira gaur egun Game Erauntsiaren zerrendan, eta hilabetero are gehiago gaineratzen ari da elkartea. Kasu batzuetan, zaleek egindako itzulpenak ofizialak edo ez-ofizialak izan daitezke, baina, sarritan, euskal garatzaileek zuzenean euskaraz plazaratutako lanak gehitzen dira katalogora.
Bideojokozaleek euskaraz jokatzea gakoa da bideojokoak gure hizkuntzan ikusteko, baina, horrez gain, garatzaile euskaldunek pizgarriak behar dituzte itzulpenak bideratzeko: oinarri sendoak dituzten enpresak eratzea eta erakundeen babesa ezinbestekoak dira horretarako, eta hori lortzeko bideetako bat aipatutako sareak estutzea nahiz indartzea da, elkarlanean bideojokoen eta euskararen etorkizuna garantizatzeko.
Etxean daukagun talentua eta aukerak aditzera emanda, topaketekin aurrera jarraitzea da asmoa. Horretarako, urtean pare bat aldiz ekimen gehiago bideratzea bilatzen dute antolatzaileek; horiekin batera, Jokoteknia bideojokoen euskal jardunaldiekin edo Euskal Game Jam ekitaldiekin industriaren egoerari buruz hausnartzeko beste bide batzuei ekin zaie, abiapuntu desberdinetatik ikuspegi berriei helduta.
Game Erauntsia Elkarteak zein Zomorro Studiok euskal garatzaileei etorkizuneko ekimenetan parte hartzeko zein ekarpenak egiteko deia zabaldu diete: laguntza oro eskertzekoa dela azaldu dute egungo sortzaile euskaldunak saretzen jarraitzeko.
Lander Unzueta
Iruzkinak