Nork ez ditu bideojokoak gogoko? Pertsona batek edo gehiagok kontroladore baten bidez gailu elektroniko batekin elkarrekintzan jardutea ahalbidetzen duen software hori... Sorburuz aisialdirako diseinatu baziren ere, lehen artikuluan aipatu bezala, komunikatzeko eta askotariko gaitasunak eskuratzeko zein garatzeko tresna indartsu bilakatu dira gaur egun.


Bideojoko baten diseinu eta garapenean hainbat alderdi (gidoiaren idazkuntza, modelazioa, pertsonaien animazio eta programazioa, negozio-plana eta abar.) zaindu behar dira. Baina bada zeregin bat aurreko guztiari erabateko zentzua ematen diona: komunikazio-estrategia. Izan ere, komunikazio-estrategiak proiektuaren garapen-prozesuaren lehen urratsetik hasita, fase guztiak hartu behar ditu kontuan, azken finean, bideojoko baten helburua ahalik eta erabiltzaile kopuru handienarengana heltzea baita.

Hain zuzen ere, produktu on baten aukerako arrakasta errotik zapuztu daiteke prozesuaren aurretik, bitartean edo ondoren komunikazio-estrategia desegokia erabiltzeagatik. Izan ere, produktu hauen arrakastaren gakoetako bat denboran zehar eguneratzen eta egokitzen jarraitzea da, beti ere, erabiltzaileen feedback-aren eta merkatuaren testuinguruaren garapenaren arabera.

Horiek horrela, komunikazioaren alorreko profesionalek funtsezko ekarpenak egin ditzakete. Alde batetik, profesional hauek bideojokoen esparruko produktuak garatzeko funtsezkoak diren ezagutza batzuk menderatzen dituzte: narratologia, diseinu grafikoa, ikus-entzunezkoen erabilera, etab. Bestalde, merkatuaren joerak identifikatzeko, publikoaren beharren eta portaeren azterketa egiteko edota, are gehiago, produktuaren helburuak abian jarri, sustatu eta sendotzeko gai dira. Horretarako, produktu digitalen komunikazioaren alorrean ezinbestekoa den funtsezko ingurune bat ezagutzea beharrezkoa da: Internet.
Internetek harremanak eratzeko joerak aldatu ditu. Gero eta gehiago dira produktuak promozionatzeko sare sozialak erabiltzen dituzten enpresak, bideojokoetan ere. Hori dela eta, hainbat dira komunikazioaren alorreko profesionalentzako zabaldu diren bide berriak:

1. Erreputazio digitala. Presentzia digitala nahi izanez gero, sare sozialak, bloga, webgunea, bideoak eta edukia erabili beharko dira. Hori dela eta, estrategia batean pentsatu beharra dago. Besteak beste, helburuak zehaztu, planifikazioa eratu, pertsonala aukeratu, komunikazio politikak finkatu, etab. Bestalde, akzioak analizatzeko erabiltzen diren tresnak eta metrikak ezagutzeaz gain, edukiek erabiltzailearentzako duen erabilgarritasuna eta SEO emaitzak ere neurtzeko gai izan behar da.

2. Hedabide digitalen kudeaketa. Lan hau Sozial Median espezializatutako profilari dagokio, hau egungo joerak eta etorkizuneko ikuspegiak identifikatzeko gai izan behar delarik. Horrez gain, enpresaren komunikazio politika, produktu edo kanpainak eta erabili beharreko tresna sozialak ezagutu behar ditu. Bere lanari dagokionez, pertsonalaren hautaketa, edukiaren onarpena eta Community Managerraren funtzioak finkatzean datza.

3. Edukien kudeaketa. Interneten dagoen edukia bilatu eta enpresa edo markarekin zerikusia duen edukia (positiboa edo negatiboa) txostenetan bildu behar da. Txosten hauen helburuen arabera, Community Managerari edota erreputazio edo hedabide digitalen zuzendariari bidali beharko zaio.

4. Edukien sorkuntza. Hedabide digitaletan sustatzeko eduki sortzaileak beharrezkoak dira. Eduki horiek Community Manager-ak erabiliko ditu, enpresa edo markaren gain interesa erakarri edo mantentzeko. Aldi berean, enpresaren webgune eta blogean erabilgarria izan litekeen informazioa eguneratzeaz ere norbait arduratu behar da.

5. Community Management. Enpresa edo markarekin zerikusia duen Sozial Media komunikazioak kudeatzea da. Community Managerak enpresaren interesak babesteko elkarrizketak sortzen ditu, beti ere bezeroei zuzentzen ari dela ahaztu gabe. Laburbilduz, sare sozialetako enpresa edo markaren irudiaz arduratzea.

Ikus daitekeen moduan, enpresa handietan 2.0 eremuko hainbat lanpostu berri sortu dira. Hala ere, estatu mailan gero eta gehiago agertzen ari diren estudio txikiek ezin dituzte hainbeste langile ordaindu. Hori dela eta, baliabide gutxirekin eta esparru guztiak dezente menderatuz, lan eraginkorra egiteko gai diren profesionalak bilatzen dituzte.