House House estudioak Microsoft boikoteatzera deitu ditu jarraitzaileak. Indie joko arrakastatsua ekainean estreinatu zen PC, Switch 2 eta PS5 gailuetan.
Xbox erabiltzaileak Big Walk gabe geratuko dira. House House talde independenteak bere webgunean zehaztu dutenez, Palestinar BDS (Boycott, Divestment, Sanctions) mugimenduarekin bat egin, eta beren jokoa Microsoft-en gailuetan kaleratzeari alboratu diote.
Erabakia aspalditik omen dator, baina, jokalarien eta zaleen erreguei erantzuteko prentsa oharra argitaratu dute aurtengo indie jokorik arrakastatsuenaren egileek. “2026ko ekainean Big Walken argitalpena PCra, Switch 2ra eta PlayStation 5era mugatuta egongo zela adierazi genuen”. Ordu hartatik hona, Xboxen etorkizuneko argitalpenari buruz galdetzen zuten hainbat mezu eta iruzkin jaso ditugu”, diote House Housetik.
“Palestiniarren BDS mugimenduarekin bat eginda, Big Walk Xboxen ez argitaratzea erabaki dugu, Microsoft eta bere Microsoft Games (zein Xbox) lehentasunezko boikot helburuak direla adierazita”. Aldarrikapenari lotuta, hartutako erabakia ulertzen laguntzeko Microsoft BDSren lehentasunezko helburua izatea azaltzen duen artikulua, antzeko mugimenduek Microsoftengan eduki duten eragina, “eta, bereziki”, People Make Games sortzaileak egindako bideoa ikusteko gomendatzen dute.
“Atsekabetuta” agertu dira egileak, Big Walken helburua “lagun artean jokatzea” dela nabarmenduta, jokoa Xboxetik kanpo uzteak horren aurka egiten duela esanez. “Jendea Xboxen jokoan aritzekoa nahiko genuke, baina ez Microsoft eta Xbox BDSaren helburuetatik ezabatuta agertu arte. Erabaki hau munduan aldaketa esanguratsuak egin daitezkeela ekintzailetza kolektibo koordinatuak interesik boteretsuenei aurre egiteko gai dela pentsatuta, eta, egun batean, Palestina askea izango dela sinetsita hartu dugu”.
Aurtengo indie ezustea
Big Walk 2026. urteko ustekabe handietakoa izan da, zalantzarik gabe. Mundu handian lagunekin galtzera gonbidatzen gaituen abentura kooperatibo atsegina da Untitled Goose Game zoragarriaren egileen lan berria.
Munduan zehar erronkak, sekretuak eta abenturak biziko ditugu lagunekin. Izaki bitxi eta koloretsuak gidatuta, elkarrekin zein bakarka ariko gara, batzuetan, komunikatzeko gaitasuna galduta —hurbiltasunaren arabera entzuten dira ahotsak, baina walkie-talkie gailuak erabil daitezke—; beti edukiko dugu keinuka aritzeko aukera. Binaka ariko gara gutxienez, gehienez hamabi lagun batzea posible izanik.
Patxadaz eta lasaitasunez gainditzeko abentura da House Housena. Nota bikaina eskuratuta, milaka jokalari eta lagun elkartzea lortu du. Big Walk PC, Switch 2 eta PS5 plataformetan joka daiteke.
Lander Unzueta
Iruzkinak