Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako lehiaketa maiatzean jokatuko da. Izen ematea zabalik dago jada.

Klikazank txapelketak Rocket Leagueko jokalari iaioenak biltzeko balioko du: Bigarren urtez Bilboko 10-18 urte bitarteko ikasleek bideo-jokoen lehia ikusgarrian parte hartzeko aukera edukiko dute.

Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programaren baitan Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako txapelketa izango da Klikazank. Izen ematea dagoeneko zabalik dago ekimenaren webgunean. Parte hartzeko beharrezkoa da Bilbon bizi edota ikastea; otsailaren 28an itxiko da izen ematea.

IZENA EMATEKO SAKATU HEMEN

Rocket League PC, PlayStation 4, Xbox One eta Switch plataformetan doan eskura daiteke. Plataformen arteko jokoari esker (Crossplay) kontsoletako zein ordenagailuetako jokalariek elkarrekin jokatzeko aukera dute sarean. Beraz, plataforma guztietako erabiltzaileak gonbidatuta daude Klikazanken parte hartzera.

 

Bakarkako partiduak

Txapelketa maiatzean jokatuko da. Partiden formatua 1vs1 erakoa izango da; hau da, bakarkako norgehiagokak baino ez dira ikusiko Klikazanken. Soccar joko mota klasikoa da haututakoa: futbola eta kotxeak batzen dituena, hain zuzen ere. Bost minutuko iraupena izango dute partidek; bukatzerakoan berdinketa egonez gero, urrezko gola sartzen duena igaroko da hurrengo fasera.

Partiden egutegia zuzenean izena eman duten jokalariei helaraziko zaie; txapelketaren lehen fasea Rocket Leaguen txapelketa sistema erabilita jokatuko da etxetik.

Jokalarietako batek bere Internet konexioarekin arazoak baditu, hamar minutuko atsedenaldia eskainiko zaio. Tarte horretan parte hartzaileak konexioa berreskuratzea lortzen ez badu partida galdutzat emango zaio. Norgehiagoka jokatzen ari dela bertatik alde egiten badu, txapelketatik kanporatuko da.

 

Finala, Bilborocken

Lau sailkatu igaroko dira bukaerako fasera. Hauek Bilbon elkartuko dira Bilborock aretoan maiatzaren 21ean finalerdiak eta finalak jokatzeko: goizeko 11:30ean hasiko da ekimena. Fase honetan partidek iraupen berbera edukiko dute, baina hiru partidatik onena izatea lortzen duenak egingo du aurrera.

IZENA EMATEKO SAKATU HEMEN

Horretaz gain, finala zuzenean Game Erauntsiaren Twitch kanalaren bitartez jarraitu ahal izango da.

Bilboko gazteen artean euskara sustatzea da Harrapazank programaren helburua. Hori lortzeko gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako aukerak batzen ditu ekimenak.