Mass Effect berriarentzat prestatzeko asmoz lantaldea mugatzen dabiltza, Dragon Age: The Veilguard argitaratu ostean.

BioWare taldeak bere etorkizunari buruz hitz egin du webgune ofizialean argitaratutako prentsa oharrean. Mass Effect berria garatzeko estudioa berregituratuko du Electronic Arts-en sortzaile taldeak.

“Dragon Age: The Veilguard kaleratu dugunez, BioWare erdiguneko taldea hurrengo Mass Effect garatzen ari da trilogia originaleko beteranoen gidaritzapean”, dio Gary McKay zuzendariak, “Mike Gamble, Preston Watamaniuk, Derek Watts, Parrish Ley eta beste hainbat barne”.

Estudioaren lan egiteko modua “berrirudikatzen” hasiak direla dio McKayk. “Garapenaren egoeragatik, ez dugu estudio osoaren babesa behar”, azaldu du, polemika piztuz. “Talentu ikaragarria daukagu BioWaren, beraz, azken hilabeteotan gure lankideak EAren beste lantalde batzuetara eramateko lanean ibili gara”.

Ez dute kaleratzerik baieztatu, baina ez litzateke harritzekoa izango, azken hilabete luzeetako joerak ezagututa. Are gehiago, Dragon Age berria ikaragarrizko porrota izan da EArentzat: nahiz eta etekinen aurreikuspen errealistak eduki, ez dute hauek betetzea lortu, milioi t’erdi salmentetan geratuz —bikoiztea espero zuten, gutxienez—.

Hori dela-eta —baita kirol jokoen errendimendu eskasagatik ere—, EAren akzioak % 19 jaitsi ziren orain astebete. Bestalde, Corinne Busche The Veilguarden zuzendariak lanpostua utzi zuen duela egun batzuk; dirudienez, ez da jokoaren emaitzengatik izan, eskaintza interesgarria aurkeztu diotelako baizik.

Bitartean, BioWaren zuzendariak “RPG ahaztezinak sortzean ardaztuta dagoen estudio azkarragoa” eratu gura dutela azaldu du. 2020an iragarritako Mass Effect 5ek ez dauka argitaratze datarik.