Gure mailak sortzeko Runner Maker editorearekin etorriko da ordenagailuetara datorren astean.

Choice Provisions taldeak —2014ra arte Gaijin Games deitzen ziren— bere Bit.Trip Runner plataforma saga ezagunaren itzulera iragarri du. Rerunner aurreko jokoen bilduma eratzeko berregitea izango da: atal grafikoa eraberritzeaz gain, jokagarritasun ideia berriak inplementatuko dituzte.

Saltoak, musika, kolpeak eta erritmoa uztartzen dituen abentura koloretsuak dira Runnerrak, eta berregitearekin oinarri guztiak mantendu gura dituzte garatzaileek. Trailerrean ikus daitekeenez, oraingoan Unreal Engine 5 garapen motorrarekin sortutako 2.5D estetika koloretsura igaroko dira, baina jatorrizko lanaren akzio geldiezina errespetatuz.

Bakarrik egingo dugu aurrera CommanderVideo protagonistaren zein bere lagunen kontrola hartuta. Gure zeregina, beraz, oztopoak saihestea edo suntsitzea izango da; ez da horren erraza izango, ordea, zailtasunak gora egin ahala maila zirraragarriak gainditu beharko baititugu.

Maila arruntetan hainbat medaila eta objektu berezi biltzen ibiliko gara; gainera, mundu bakoitzaren amaieran etsai nagusi zitalen aurka egin beharko dugu.

Choice Provisionsekoek 150 maila baino gehiago prestatu dituztela aurreratu dute; erronkok aurreko jokoetan agertutako eraberritutako ideiak dira. Antzekoa gertatzen da soinu bandarekin, zeharo garrantzitsua Bit.Tripentzat: kantu klasikoen remix-ak prestatu dituzte.

Berritasunik esanguratsuena mailen editore interesgarriaren aldetik etorriko da. Runner Maker deitua, gure erronkak sortzeko tresnak eskainiko dizkigu. Bideoan erabilerraza izango dela ikus daiteke, oztopo, girotze eta bide desberdinak sortzeko aukerarekin. Onena? Sortutakoak partekatzea posible izango dela.

Ez dugu askorik itxaron beharko aipatutakoez gozatzeko: Bit.Trip Rerunner + Runner Maker irailaren 19an argitaratuko da. Steam bidez eskura daitekeen PCko bertsioa soilik edukiko du; garatzaileek aurreratzen dutenez, Steam Deck gailurako egokituta egongo da.