Zaleek ofizialki berregindako Half-Life mitikoak hobekuntza grafikoak, aginteentzako euskarri eguneratua eta mod euskarri hobea inplementatu ditu, doan.
Crowbar Collective taldeak Black Mesarako adabaki handia argitaratu du ezustean. Anomalous Improvements deitua, askotariko hobekuntzak eta berritasunak gehitzen dizkio Half-Life originalaren berregiteari.
Optimizazioa da egileek nabarmendutako lehen gakoa. Motore grafikoa finduta, joko osoaren errendimendua areagotzea lortu dute; batez ere, bukaerako Xen atalean egindako optimizazio lanak azpimarratu dituzte.

Paralax bidez zuzendutako kubo mapak (Parallax Corrected Cubemaps) ere aipatzen dira; hau da, gela bakoitzarekiko zehatzak diren islak gehitu dira, kokaleku dinamikoagoak eta ispilu isla errealistak ahalbidetuta. Ildo beretik jarraituz, argiztapen aurreratua agintzen du Black Mesak orain: Source garapen motorearen argiztapen funtzionalitateez baliatuta, joko osoko girotzea findu dute.
Hobekuntzak ez dira grafikoetara mugatzen. Erabiltzailearen interfazea zein aginteentzako euskarria eguneratu dira Xbox, PlayStation eta Steam aginteen ikurrak gehitzearekin eta Steam Deck-aren Verified ikurra jasotzearekin batera. Gainera, Half-Life originalaren menuen itxura inplementa daiteke Steam Workshop-eko eraldatzeen bidez.

Modak aipatuta, hauen euskarria ere hobetu dute Crowbarkoek. Kanpaina osoa edo ataletako bat abiatzerakoan, instalatutako zein modekin hasi nahi dugun galdetuko zaigu orain. Akatsak zuzendu eta Workshoperako txukunketak prestatu dituzte, baita; bukatzeko, H.E.C.U. Collective taldeak prestatutako Black Mesa: Blue Shift modak eta espantsioak aipatutako berritasun guztiak ere jaso dituela iragarri dute Black Mesaren arduradunek.
Aldaketen zerrenda luzea garatzaileek argitaratutako artikuluan irakur daiteke. Dagoeneko jokoan inplementatu dituzte, guztiz doan.
2020an estreinatu zen Black Mesa, Valve-ko arduradunen oniritzia jasota Steamen ofizialki kaleratzeko, hamasei urteko garapen prozesuaren ondoren. Half-Life originala Source motore grafikoarekin berregin zuten Crowbar Collective zale taldeko kideek. Azken urteotan edukiak gehitzen eta jokoa fintzen jarraitu dute eguneratzeekin eta adabakiekin.
Lander Unzueta
Iruzkinak