Rebel Act Studios espainiarraren 2001eko fantasia iluneko bideo-jokoa Steam eta GOG bidez estreinatuko da PC-an.

Blade: The Edge of Darknessek bigarren aukera bat edukiko du laster. Klasiko maitatu hau hainbat hobekuntza ekarriko dituen PCko bertsioarekin estreinatuko da urriaren 7an SNEG argitaletxearen eskutik.

Jatorrizko jokoa orain 20 urte kaleratu zuen Rebel Act Studios garatzaile espainiarrak. Hiru dimentsioetako akziozko abentura honek lau pertsonaia desberdinen artean hautatzea eskaintzen du: Tukaram barbaroak, Naglfar ipotxak, Sargon zaldunak eta Zoe amazonak abilezia eta mugimendu propioak edukiko dituzte.

Fantasia iluneko girotzearekin soulsborne generoaren aitzindarietako bat bezala izendatzen dute bideo-jokozale askok. Borroka zailak biziko dituzte bertan jokalariek, eta pauso bakoitzarekin hiltzeko arriskua egongo da. Ezpata sakratua bereganatu eta munduko gaitz guztiak akatzea izango da helburu nagusia, baina horretarako trollak, orkoak eta kaosaren aginpean dauden beste hainbat izaki garaitu beharko dituzte lau heroiek.

Bertsio berriak ekarriko dituen hobekuntzen artean nabarmentzekoak dira pantaila panoramikoentzako euskarria, testura eraberrituak edota interfaze zaharberritua, gailu berrietan modu egokian funtzionatzeko ezinbestekoak.

Steam eta GOG saltoki digitaletan kaleratuko da Blade: The Edge of Darkness. Doako froga prestatu dute gainera, pertsonaia guztiekin lehen maila gainditzeko aukera emanda.