Blasphemous originala metroidvania jokoen artean nabarmendu zen. 2019ko tituluak, bere akatsekin, mundu zoragarri, gogor eta interesgarria aurkeztu zigun, retro jokoen mekanikak gaurkotuz erronka zaila aurkezteko.
Jarraipenaren iragarpena gogo handiz hartu nuen, horren ondorioz. The Game Kitchen sevillarrak joko esanguratsuak baino ez ditu egin, nahiz eta jatorrizko Blasphemous guztien artean gailentzen den; hortaz, Penitentea berriz kontrolatzera itzultzea opari hutsa zen.
Cvstodia erresuma txukunduz
Ez dugu ustekabeko handirik aurkituko Blasphemous 2n. Originalaren Wounds of Eventide espantsioak utzi zuen unean jarraitzen du… gutxi gorabehera, gure protagonistak hilik bukatu baitzuen. Ehundaka urte beranduago, berpiztuta ikusiko dugu, Mirariaren azken erronkari aurre egiteko asmoarekin.

Lehenengoan ezagutu genuen Cvstodia erresuma goitik behera eraberrituta aurkituko dugu. Kokaleku berri anitzak bisitatuko ditugu; hasieran, baina, gehienak itxita egongo dira. Metroidvania formatuarekin jarraituz, abilezia edo tresna berriak eskuratu beharko ditugu mapa zabaltzen joateko, eta, modu horretara, gure helmugetara iristeko.
Armak baino gehiago
Hasiera batetik eskainiko zaizkigu erreminta berriak. Mea culpa ezpata galdu du Penitenteak, baina, borrokei ekin aurretik, hiru arma nagusiren artean hautatzea proposatuko zaigu. Egunsentiari eskaria (Ruego al Alba), Epaitza (Veredicto) zein Xirmendu eta Oinaztarri (Sarmiento y Centella) aukera ditzakegu abentura hasterakoan, bakoitza bere berezitasunekin.
Egunsentiari eskaria originaleko ezpataren antz gehien duena da. Orekatuena, eraso bizkorrak zein boteretsuak egin ditzakegu berarekin; Epaitza intsentsu ontzia indartsuena da, baina baita geldoena ere; bukatzeko, Xirmendurekin eta Oinaztarrirekin kolpe bizkorrak eman ditzakegu, baina ez gara urrunegi iritsiko. Arma bakoitzak bere abilezien eta hobekuntzen zuhaitza dauka: mina areagotzeko zein eraso bereziak desblokeatzeko bideak aurkituko ditugu bertan borroketan edo mapatik sakabanatuta eskuratuko ditugun puntuei esker.

Borrokak bizkortu eta txukundu dituzte The Game Kitchenekoek. Lehen Blasphemousen pixkat traketsak ziren, geldoak eta krudelak; oraingoan dinamikoagoak dira, zirraragarriagoak. Mapatik sakabanatutako aurkituko ditugun magiek ere aniztasuna dakarte, eta botere benetan erabilgarriak lortuko ditugu gure magia barraren truke.
Buruzagiak aipatzekoak dira ezinbestean, duelu bikainak ikusiko baititugu Blasphemous IIn. Hasierako etsai nagusi batzuekin zur eta lur geratu naiz, borrokak, ikusgarriak izateaz gain, erakutsitako erritmoagatik eta girotzeagatik. Orospina, Radames, Odon zein Svsona bezalako pertsonaien aurkako norgehiagokak denbora batez edukiko ditut buruan. Duelu batzuk ez dira maila berera heltzen halere, ezta aurkezpena ere. Orokorrean, lehen abenturako buruzagietako asko gogoangarriak egin zitzaizkidan —agian hartu nuen ezustekoagatik—, baina jarraipenak ere maila ona mantentzen du.
Armak arerio beldurgarrien aurkako dueluetarako ezinbestekoak egingo zaizkigu, baina baita mundua zeharkatzeko ere. Hori dela-eta, abenturaren lehen pausoetan aukeratzen dugunak jarraitu beharreko bidea finkatuko digu. Ostean alboratu ditugun biak eskura ditzakegu, bideak irekiz; esate baterako, Epaitzarekin kanpaiak jo ditzakegu, une batzuetarako plataforma ikusezinak aktibatuz.
Metroidvania azpigeneroaren muina jokoak behin eta berriz errepikatzea izanik, askotan speedrun saialdiak buruan edukita, abiapuntu ikaragarria da jokoarentzat. Mapa zabaltzen joateko bidea hasieran aukeratzeak birjokagarritasun puntu itzela ematen dio Blasphemous IIri; tamalez, jokoan aurrera egin ahala, askatasun hori mugatuz joan dela nabaritu dut, eta, behin lehen misio nagusiak beteta, argi eta garbi adierazten dizute hartu beharreko bidea bideoen zein mapako ikurren bidez —nahiz eta esploratzen jarraitzeko aukera daukazun—.
Galduta, baina ez horrenbeste
Hori esanda, egia da uneoro azaltzen dela zure helburu nagusiaren kokaleku zehatza mapan. Ez da larria: Metroid Fusion klasikoan gertatu modura, badakizu norantza jo behar duzun… baina horra iristeko bidea ez da zertan zuzena izan behar. Esplorazioa da Blasphemousen ardatza, eta askotan topo egingo dugu itxitako bideekin zein sekretuekin. Hauek markatzen joan gaitezke maparen menuan ditugun ikur bereziekin, horrela, oztopoak non dauden modu errazean gogoratzeko… eta beharko ditugu, une berean dozenaka ate edukiko baititugu itxita.
Lehenengoan ezagutu genuen Cvstodia erresuma goitik behera eraberrituta aurkituko dugu. Kokaleku berri anitzak bisitatuko ditugu; hasieran, baina, gehienak itxita egongo dira.
Mapa zeharkatzea gozamen hutsa da. Dark Souls 1ekin edo Hollow Knightekin gertatzen den antzeran, goitik behera konektatuta dago Blasphemous IIrena: une batzuetan harrituta geratuko gara, bizirauteko komeriak igaro ondoren, hub bezala funtzionatzen duen herrira iritsi garela ikusterakoan. Kritikatzeko zerbait egon badago, ez badut gaizki ulertu, behintzat: Mea Culpa izeneko espantsioaren guneetarako sarrerak ikusiko ditugu, nahiz eta erosi gabe eduki… eta, nik dakidala, ez dute inon adierazten. Erotu egin naiz itxitako ate horiek irekitzeko moduaren bila, azkenean foroetan DLCko tokiak direla irakurtzeko.
Denbora guztian ariko gara ordainsariak biltzen, horretarako astia hartzen badugu: saltokietako objektuak erosteko puntuak, bizitza zein magia barrak areagotzeko baliabideak, magia bezala funtzionatzen duten bertsoak nahiz kantuak edo bestelakoak bilduko ditugu, lehen jokoan agertutako kerubin aingerutxoak barne. Batzuetan erronka txikiei aurre egin beharko diegu altxorrak lortzeko: borrokara bideratutakoak izan daitezke, etsai guztiak akabatzea helburu izanik, edo, plataforma desafioak. Ez dira oso konplexuak, baina Blasphemous ez da, inondik inora ere, bideojoko erraza.

Estudio sevillarak, halere, zailtasun maila leuntzea erabaki du oraingoan. Penitentearen azken abentura ez da horren gogaikarria, edo, zuzenean, krudela: adibidez, eztenen tranpetara erortzerakoan ez dugu partidaren bukaera ikusiko, eta etsai arrunten aurkako dueluak ere askoz gozagarriagoak dira. Leku batetik bestera aritzea ez da horren gogorra; are gehiago, maparen tamaina txikitu dute bigarren jokoan, baina tokiak sekretuz beteta daudenez zein mugimendurako tresnak areagotu dizkigutenez, nabigazioa entretenigarriagoa da.
Mugikortasuna eta bizirautea areagotzeko errudun nagusiak dira, baita, gure Penitentea eratzeko pertsonaia mota eraldatzeko objektuak. Alde batetik, aurreko jokoan jada erabilitako arrosarioa daukagu: jarriko dizkiogun bihiekin denetariko aldaketak ikusiko ditugu, estatistika hobekuntzak barne. Beste aldetik, mesedeen oholtza jasoko dugu: estatuak kokatuta antzeko hobetzeak eskainiko dizkiogu gure protagonistari. Estatua batzuk batera jarrita, gainera, are hobari bereziagoak jaso ditzakegu: ezinbestekoa, niretzat, bizitza berreskuratzerakoan denbora segundo batzuez geldiarazteko ahalmena.

Bigarren mailako misioak hobetzea izan da The Game Kitchenekoen beste helburuetako bat jarraipenean. Oraingoan ere hainbat gauza bildu zein banatu beharko ditugu, baina eraman beharrekoak modu argiagoan azalduko zaizkigu mapan: adibidez, bizitza barra hobetzeko elementuak ditugunean inbentarioan, hori gauzatzeko gai den pertsonaiaren ikurrak abisatuko digu. Horrela, sekretuak aurkitzea eta sariak jasotzea askoz errazagoa da.
Askea bezain lineala
Abentura bi atal nagusitan banatzen dela esan daiteke. Hasieran hiru helburu finkatuko zaizkigu mapan, baina, abileziarik gabe, pixkanaka-pixkanaka hurreratuko gara horietara, toki desberdinak ezagutuz eta ahalmenak eskuratuz. Bigarrena hasterakoan jokoa pixkat linealagoan bilakatzen dela esan daiteke: maparen zati handi bat esploratuta edukiko duzu dagoeneko, eta gainditzeko gune berriak banaka irekitzen joango dira, desafioa bideratuz. Hala ere, gauzak nabarmen zailduko dira, aipatutako abilezia guztiak erabiltzen ikasi beharko baitugu.
Borrokak bizkortu eta txukundu dituzte The Game Kitchenekoek. Lehen Blasphemousen pixkat traketsak ziren, geldoak eta krudelak; oraingoan dinamikoagoak dira, zirraragarriagoak.
Narratibaren aldetik, aurrekoan aurkitutako antzeko egituraz gozatuko dugu; alegia, Hidetaka Miyazaki zuzendariaren Soulsborne jokoetan ikusitakoa. Gidoia pixkat azalduko zaigu, baina munduaren testuingurua sakontasunean ezagutu nahi izanez gero, objektuen deskribapenak eta informazioa irakurtzeari ekin beharko diogu. Ez pentsa, beraz, istorio ulerterrazarekin topo egingo dugunik Penitentearen abenturan.
Zentzu horretan, munduak erabat harrapatu, baina, ez horrenbeste, gidoiak. Etsaiak zein girotzea ikaragarriak dira, baina Cvstudia kaotikoan aurkituko ditugunen atzean dagoena ez zait horren interesgarria iruditu. Beste behin, aurreko jokoan ikusitakoa errepikatzea izan daiteke arazoa: dagoeneko ez da horren harrigarria, Dark Souls-en jarraipenekin gertatu bezala, adibidez.
“Nahigabetutako bihotza izan dadila, isiltasunean penitentea”
Txikikeriak dira, kokaleku desberdinak esploratzea eta sekretuak aurkitzea zein bizilagunak ezagutzea gozamen hutsa baita. Sekulako estetika zein soinu banda dira horren erantzule nagusiak: sevillarren lana ikaragarria da aurkezpenaren esparruan. Pixel art grafikoak are gehiago txukundu dituzte Blasphemousen bigarren atalerako: pertsonaia zein toki koloretsuak, ederrak eta biziak prestatu dituzte. Nazka ematen duten lekuak bisitatuko ditugu, bai, baina guztiek daukate zerbait berezia, eta aniztasuna nagusi da. Kokaleku nagusi batetik bestera igarotzeko eratutako trantsizioak benetan eskertzekoak dira, mundua benetan konektatuta dagoela sentiarazten baitute.
Carlos Violaren soinu banda txalogarria da, bestalde. Gitarra klasikoa nahiz pianoa entzungo dugu behin eta berriro, baina bestelako instrumentuekin batera elizari eta kristautasunari lotutako doinu eder bezain beldurgarriak konposatu ditu. Lanean zaudela atzetik jartzeko abesti zerrenda horietakoa da Blasphemousena.
Bai, bikoizketa nahitaez aipatzeko unea da berriz. Gaztelaniazko ahots zoragarriak entzungo ditugu bideojokoan: lehen jokoan egindakoa errepikatu dute, baina oraingoan hasiera batetik jaso dugu bikoizketa bikaina. Ez da batere ohikoa izaten maila horretako hizketaldiak entzutea halako indie obretan: orokorrean jokoetan euskaraz edo ingelesez aritzen saiatzen naizen arren, Blasphemous bere hizkuntzan entzun beharrekoa da.
Mea Culpa izeneko espantsioarekin bukatuko dut: ez dut jokatu, ez. Oinarrizko proposamenak asebeteta utzi nau; ez hori bakarrik, eduki gehigarriaren balorazioak ez dira horren onak. Beraz, hurrengo baterako gordeko dut.

Metroidvania jokoak gustuko badituzu, eta, are gehiago, Blasphemous originala gogoko baduzu, bigarrena opari hutsa izango da zuretzat. Lehenengoan egindako guztia txukundu eta borobildu du The Game Kitchenek, oraindik are gehiago eskaintzeko gai direla erakutsita. Animatuz gero, PCan zein PlayStation, Xbox eta Switch plataformetan joka dezakezu.
Blasphemous 2 azken urteotako metroidvaniarik onenetakoa da. Bere sinpletasunean girotze zein mundu interesgarriak, erronka egokia eta borroka entretenigarriak eskaintzen dizkigu. Ez du ekarpen berritzailerik egiten, baina ez du behar: Penitentearen abenturarekin 20 bat orduz gozatuko dugu Cvstudia krudela berriz bisitatzen.
Erlazionatutako edukiak:
Blasphemous - Analisia
Iruzkinak