Akzioa eta plataformak esploratzeko mapa erraldoiekin batzen dituen azpigeneroa da Metroidvania. Azken urteetan honen berpizkundea ikusi dugu: alde batetik, Nintendo-koek mota honetako jokoak ospetsu egin zituen Metroid berria kaleratu zuten iaz.

Bestetik, garatzaile independenteei eskertu behar zaie metroidvania generoaren itzulera; izan ere, Team Cherry, Thomas Happ, WayForward, Nigoro zein Drinkbox Studios sortzaileek Hollow Knight, Axiom Verge, Shantae, La-Mulana nahiz Guacamelee bikainak garatu dituzte, besteak beste, aspalditik ahaztuta edo geldituta zegoen generoari mekanika eraberritzaileak gehituta.

Horien bide berbera jarraitu zuen The Game Kitchen garatzaile andaluziarrak Blasphemous-ekin 2019an. Bi urte lehenago Kickstarter finantzaketa kanpaina arrakastatsua burutu ondoren, barroko sevillarrean oinarritutako mundu ikaragarria zein beldurgarria eratu zuten abentura honekin.

Hasiera batetik argi geratzen da obra odoltsuaren eta gogorraren aurrean gaudela. Custodia-ko erreinuak madarikazio bortitza jaso du: milagroa. Horren ondorioz, arimaren oinaze guztiak begien bistara manifestatu dira lurraldean zehar. Munstroak eta bestelako izakiak agertu dira, gizaki arrunten bizitza dohakabekoa eginda.

 

Mugikortasun sinple bezain zakarra

Penitentearen kontrola hartuko dugu Blasphemousen. Protagonista mutuak Custodia esploratzeari ekingo dio etsai nagusiak garaitu eta hainbat helburu betetzeko. Horretarako, metroidvania jokoetan ohikoa den mundu labirintikoa zeharkatu beharko du: jokalariaren esku egongo jarraitu beharreko ibilbidea aurkitzea. Ez galtzeko ezinbestekoa izango da mapa erabiltzea; kokaleku bakoitzak hainbat bide ditu —askotan gurutzatu egiten direnak—, eta guztietan aurkituko ditugu altxorrak eta objektuak. Halere, gure helburuak lortzeko aurrera eta atzera ibili beharko gara, bide berriak zabaltzen ibiliko baikara uneoro: batzuetan laburbideak baino ez ditugu aurkituko, baina gune berrietarako sarbideak ikusiko dugu behin eta berriz.

Nola ez, bisitatuko ditugun lekuetan era guztietako etsaiekin topo egingo dugu. Blasphemouseko borrokak latzak dira: mekanikoki sakontasun handirik ez duten arren, daukan kontrol sistema zakarrarekin ohikoa izango da etsai ahulenen aurka nekez ibiltzea. Penitentea ez da indartsuena ez iaioena, eta arerioek sekulako kolpeak emango dizkigute. Hutsegite pare batekin hilko gaituzte; hortaz, bizi barra kontrolpean edukitzea ezinbestekoa izango da. Bug-ak eta bestelako akatsak ere ikusi ditut: trabatutako etsaiak, jo behar ez ninduten erasoek hiltzea, etab. Hasiera batean normala da behin eta berriro bizia galtzen aritzea guzti horien ondorioz; hori dela eta, jokoa gainditu aurretik birritan alboratu nuela aitortu beharra dut. Egia da denbora gutxi izateagatik egin behar izan nuela baita ere, baina hirugarrenera gatibatu nau benetan Blasphemousek.

Borrokak errazteko ezinbestekoak izango dira Custodian sakabanatutako botere bereziak eta bestelako itemak eskuratzea. Metroidvania bat izanik, gure pertsonaia hobetzeko hainbat abilezia lortuko ditugu: Mea Culpa deitutako ezpataren indarra areagotzeko aldareetan mugimendu berriak eros daitezke; eraso berezi boteretsuentzako tokia ere egongo da, baina hauek magia barra hustuko dute; horiez gain, ahalmen pasiboak emango dituzten objektuak bilduko ditugu.

Bizitza zein magia barrak handitzeko guneak, bizia berreskuratzeko lagungarriak diren behazun matrazeak hobetzeko osagaiak eta askoz gehiago aurkituko ditu Penitenteak, gainera. Guzti hauei esker, etsai beldurgarriak akatzea gero eta errazagoa izango da; hasierako borroka latzak nahi gabe gaindituko ditugu jokoaren bukaerarako.

Esan bezala, borroken eta mugimendu orokorraren zakarkeria nabarmentzekoa da. Blasphemousek orain 30 urteko jokoa dirudi zentzu horretan: ematen dizkiogun aginteei jaramon egitea kosta egiten zaio gure pertsonaiari; jasoko ditugun kolpe asko, huts egingo ditugun salto mordoa, jokoaren erruarengatik direla sentituko dugu behin eta berriz.

Adibidez, mundua sakontasunean esploratzeko objektu garrantzitsuak bilduko ditugu; hauek erabiltzeko, baina, inbentarioan ekipatzea derrigorrezkoa da. Arazoa? Aldi berean halako hiru objektu baino ezingo ditugula soinean eraman. Askotan gertatu zait, esaterako, amildegietatik behera botatzeko objektua ahaztea eta tira, hiltzea.

 

Ez dauka zentzurik hauek berez ez aktibatzea, edozein momentutan ekipatu baititzakegu. Metroidvania jokoei gatza eta piperra jartzen dietena mugikortasuna areagotzeko abilezia sorta zabala dela uste dut; arlo honetan kale egiten du Blasphemousek: ez dugu toki anitzak zeharkatzeko ahalmen erakargarririk aurkituko, eta gehienbat jokoa hasi dugun bezala bukatu dugu abentura. Ahaztu jauzi bikoitzak, hormetatik gora ibiltzea edo bestelako kontuak: ez dugu halakorik aurkituko.

Horri lotuta, kontrol eskemaren sinpletasunak ez du laguntzen jostagarritasuna fresko mantentzerakoan: konbo gutxi batzuk lortuko ditugu, baina abentura osoa mugimendu berberak erabiliz gaindituko dugu. The Game Kitchenekoek horretan sakondu nahi izan dutela dirudi, desblokeatzeko ahalmenak baitaude, baina azkenean erdi alboratuta utzi dituztela nabari da.

 

Aurretik ikusi gabeko girotzea

Aurretik aipatutako etsai nagusiak nabarmendu behar dira, hori bai: anitzak, beldurgarriak eta dibertigarriak. Erronka desberdina aurkeztuko digu bakoitzak, eta beraien mugimendu sorta ikastea eta barneratzea ezinbestekoa izango da garaipena lortzeko. Diseinu bikainak dituzte guztiek, sortutako munduarentzako aproposak. Aipatzekoak dira azken eduki gehigarriekin batera gaineratutako arerio boteretsuak; ez da batere erraza izan hauek garaitzea. Ahaztezinak, zalantzarik gabe.

Ahaztezina da baita Custodiako mundua. Girotze desberdinak dituzten hainbat kokaleku bisitatuko ditu Penitenteak: barroko andaluziarrean oinarritutako eraikinak ikusiko ditugu bertan, baina guztiek dute nortasun propioa. Eliza erraldoiak, mendi tontor elurtsuak, lurrazpian dagoen kanpai titanikoa… lan bikaina egin dute zentzu horretan sevillarrek. Toki gehiago ezagutzeko gogoa edukiko duzu uneoro; mota honetako abentura batean oinarrizkoa da esploratzeko grina sortzea.

Kentaro Miura manga marrazkilariaren Berserk obra ezaguna ekartzen du gogora kokaleku eta girotze aldetik: deabruek zein katedral beldurgarriek Guts ezpatariaren komikian ikusitakoengandik edaten dute. Kristautasunean oinarritutako mundua eratu dute garatzaileek, nola ez, Espainiako hegoaldeko erritu erligiosoetan, eraikinetan eta bestelakoetan inspirazioa hartuta. Diseinu batzuk oso gogorrak egin daitezke: deformatutako aurpegi erraldoiak, odoleztutako haurrak… arerioei hesteak ateratzea ohikoa izango da, besteak beste. Laburbilduz, ez da edonori zuzendutako jokoa.

Blasphemouseko borrokak latzak dira: mekanikoki sakontasun handirik ez duten arren, daukan kontrol sistema zakarrarekin ohikoa izango da etsai ahulenen aurka nekez ibiltzea.

Xehetasunez betetako pixelart estetikari eskertu behar zaio sentipen hori. Begietatik sartzen den jokoa da Blasphemous, inolako zalantzarik gabe: The Game Kitchenekoek sekulako lana egin dute arlo honetan. Hori esanda, egia da kokaleku desberdinen arteko kalitate mailaren artean alde handia egon daitekeela. Jokoa kaleratu zutenetik gune traketsenak hobetzeko lana egin dute garatzaileek halere, baina batzuetan gutxien zaindutakoak zeintzuk diren asko nabaritzen da.

 

Sekretuz betetako mapa erraldoia

Kokalekuetatik era guztietako sekretuen bila ariko gara, gainera. Edozein txokotan ikusiko ditugu: hormak apurtzeari ekin beharko diogu, baina baita puzzleak zein plataforma atalak gainditzeari ere. Erronka desberdinak aurkezten ditu bideo-jokoak, eta jokalaria saritzen daki. Batzuetan benetan erabilgarriak izango diren objektuak aurkituko ditugu; besteetan, Blasphemousen mundu gogorra ulertzeko baliogarriak diren testuak baino ez.

Zoritxarrez, askotan ez dugu jakingo zehazki zer egin behar dugun batutako objektu askorekin. Bigarren mailako misioak gainditzeko balio dutenekin gertatzen da hau orohar: pertsonaia batekin hitz egiterakoan ohartuko gara hainbatetan objektuetako bat berarentzat dela, aurretik inolako arrastorik izan gabe. Jokoaren amaieretako bat lortzeko gertatzen da, baita: gidarik irakurri gabe ez dut uste egin beharrekoak argituko nituzkeenik.

Antzekoa gertatzen da gidoiarekin. Kutsu misteriotsua eta erakargarria du Blasphemousek kontatzen duen istorioak: Dark Souls-ekin gertatu modura, ez dugu jakingo zer egiten gabiltzan zehazki. Sortutako munduak eta bertan dauden pertsonaiek, baina, interesa piztea lortzen dute. Dena den, jokoaren itxierak ez du nire jakin mina ase; amaiera guztiak lortu arren, azalpen gehiago falta izan direla uste dut.

Aipatutakoei lotuta, prentsaren nahiz zaleen aldetik kritika anitzak jaso zituen, hasiera batean behintzat, bideo-jokoak. Akatsak zuzendu eta mekanikak hobetzeko gogor lan egin dute garatzaileek jokoa kaleratu zutenetik, eta orain urte batzuk ikusitako gabezi horiek zuzendu dituzte dagoeneko, bitartean era guztietako berritasunak gehituta.

 

Jokalariak zaintzeko hobekuntzak

Horietako bat jokoa hasi bezain laster entzun daiteke. Gaztelerazko bikoizketa izugarriari buruz ari naiz: The Stir of Dawn izeneko DLC-arekin batera Blasphemouseko pertsonaien hizketaldiak ahotsa izatera igaro ziren. Girotze aldetik izugarri irabazten du abenturak honi esker; izan ere, bideo-jokoen bikoizketetan oso gutxi entzuten den zerbait egin dute: azentuak erabili. Batez ere, azentu andaluziarrak entzun daitezke jokoko pertsonai desberdinek hitz egiterakoan. Hauen testuinguruarekin lotuta joan ohi dira, gainera: pertsonai behartsuenek azentu nabarmenagoa dute, oinarri aberatsagokoek neutroago hitz egiten duten bitartean.

Kristautasunean oinarritutako mundua eratu dute garatzaileek, nola ez, Espainiako hegoaldeko erritu erligisioetan, eraikinetan eta bestelakoetan inspirazioa hartuta.

Eduki gehigarriek, bikoizketaz gain, arerio, erronka, mugimendu, objektu eta kokaleku gehiago gaineratzen dizkiote abenturari; azkena, orain gutxi kaleratu dute: Wounds of Eventide espantsioa. Hau izan da jokoa behingoz gainditzera animatzeko balio izan didana; ez da beste eduki gehigarririk aurreikusten, eta jokoa bukatutzat eman dute garatzaileek.

Custodia ondo esploratzea derrigorrezkoa izango da jokoak eskaintzeko duen guztia aurkitzeko, eta halere askotan hauek huts egitea posible da. Nire kasuan birritan gainditu dut abentura sekretu guztiak aurkitu ahal izateko; New Game + joko motan erronka eta arerio berriak desblokeatzen dira, beraz ezaugarri guztiak ikusteko ezinbestekoa da jokoari berriz ekitea. Hori bai, partida berrian aurrekoan eskuratutako ahalmenak eta objektuak mantenduko ditugu, esploratzeko moduan aldaketa interesgarriak eraginda.

Soinu banda horren gogoangarria ez bada ere, Carlos Viola musikagilearen doinuak aipatu beharrekoak dira. Orokorrean, gitarra klasikoak gidatutako girotze abestiak entzungo ditugu abenturan zehar; beren eginkizuna modu aproposean betetzen dute, ezer berezirik izan gabe. Etsai nagusien abestietan aurkituko ditugu jokoaren musika esanguratsuena: misterioz betetako partitura ilunak eta maltzurrak dira hauenak.

 

Xarma arazoen artean

Akats eta hutsegite nabarmenak ditu Blasphemousek. Ez da jokatzeko erraza, mekanika sinple eta errepikakorrak ditu, gidoia noraezean dabil askotan eta egin beharrekoak ez dira argi egoten hainbatetan. Hala ere, behin erakartzea lortuta izugarri goza daitekeen abentura da Penitentearena. Girotze bikainak, misterio interesgarriak eta bisitatu beharreko kokalekuen aniztasunak jokatzen jarraitzera darama abenturazalea. Ez da metroidvaniarik borobilena, baina premisak zure arreta erakartzea lortzen badu, probatzea merezi du, zalantzarik gabe.

Estudio independente txiki batek garatutako lana dela aipatu beharra dago, gainera. The Game Kitchenekoek baliabide urriekin abentura berezia eratzea lortu dute. Ez hori bakarrik, jarratzaileei jaramon egin eta jasotako kritikak kontuan hartu dituzte jokoa hobetzeko. Ezin da askoz gehiago eskatu Blasphemousez maitemintzeko.

Gogorra, interesgarria eta berezia. Horiek dira Blasphemous definitzeko balio duten hitzak. Abenturazaleek asko gozatuko dute The Game Kitchenen obra honetaz, batez ere girotze apartari esker. Kristautasunean oinarritutako mundu beldugarria bisitatuko dugu, aparteko lana izanik arlo horretan. Joko klasikoen jarraitzaileek gozatuko dute gehienbat bere mekanikekin, 8 eta 16 bit-en garaiko abentura askorekin antzekotasun handiak baititu.