Erronka eta desafio berriak eskainiko ditu. Dagoeneko estreinatu da plataforma guztietan.

The Game Kitchen garatzaile sevillarrak bere Blasphemous apartarentzako eduki berriak iragarri ditu ustekabean. Castlevania saga ezagunaren sortzaile Koji Igarashik garatutako Bloodstained: Ritual of the Nightekin batu da doako Strife & Ruin DLCan.

Penitenteak Bloodstainedeko Miriam protagonistarekin topo egingo du eduki gehigarri horretan. Garatzaileek erronka gela berriak agindu dituzte, baita etsai nagusien aurka jarraian egiteko Boss Rush joko mota ere. Berritasun horiekin batera arrosario eta errenderizazio mota berriak jaso ditu Blasphemousek. Iragarri gabeko sekretuak ere gaineratu dituzte. Azkenik, askotariko zuzenketak gehitu dizkiote jokoari.

Blasphemous 2019an estreinatu zen arren The Game Kitchenek jokoaren edukiak areagotzen jarraitu du. Pasa den abuztuan The Stir of Dawn izeneko doako espantsioa argitaratu zuten.

Strife & Ruin PC, PS4, Xbox One eta Switcheko bertsioetan argitaratu da jada.