Lehen jokoarentzako Wounds of Eventide doako espantsioa banatuko dute abenduan.

The Game Kitchen estudio sevillarrak sortutako Blasphemous metroidvania abentura arrakastatsuak jarraipena edukiko du laster. Iragarpen xume batekin ezagutzera eman dute 2023rako prest izatea aurreikusten duten Blasphemous II.

Xehetasun handirik zehaztu gabe, garatzaile taldea pozik agertu da IGN agerkarian egindako adierazpenetan: “Oso pozik gaude Blasphemousen jarraipenean lan egiten gabiltzala iragartzeagatik, komunitatea lehen jokoa benetan maitatzera iritsi da, eta ahal dugunean informazio gehiago partekatzeko desiratzen gaude”.

Bigarren jokoaren iragarpena lehen abenturarentzako eduki gehigarri berriaren aterpean eman da. Blasphemous: Wounds of Eventide izeneko espantsioak jatorrizko obraren benetako bukaera suposatuko du. The Game Kitchenekoek ez dute jostagarritasunaren inguruko ezer erakutsi; horren ordez animazio trailer ikusgarriarekin ezagutarazi dute DLC-a.

Etsai, kokaleku eta era guztietako berritasunak ekarriko dituen espantsioa guztiz doakoa izango da gainera. Ez da harritzekoa izan jokoaren jarraitzaileentzat, aurreko eduki gehigarri guztiak ere doan jaso baitituzte. Martxoan iragarri zutenez, lehen Blasphemousek milioi bat ale baino gehiago saldu ditu 2019an argitaratu zenetik.

Wounds of Eventide abenduaren 9an iritsiko da PC, Switch, PlayStation 4 eta Xbox One plataformetara.