more8bit eta Devolver Digital etxeen titulua 2019an estreinatu zen esklusiboki Apple Arcade harpidetza zerbitzuan.

Devolver Digital argitaletxeak Bleak Sword abenturaren DX bertsioa noiz kaleratuko duen zehaztu du azkenik: PCko zein Nintendo Switch kontsolako bertsioak ekainaren 8an argitaratuko dituzte.

more8bit garatzailearen lana deskribatzea ez da erraza: lo-fi Dark Souls retro eta arkade bezalakoa dela esan daiteke… beste hainbat ezaugarriren artean. Akzioz betetako maila motzak gainditzea proposatuko digu bideojokoak; zaldun txikiaren rola bete beharko dugu denetariko piztiak eta gaiztoak akatzeko.

Mailak laburrak izateaz gain, konpaktuak ere izango dira: erronka bakoitzak diorama tankera hartuko du. Basoak, gazteluen eta dorretxeen hondakinak, zingirak, ziegak nahiz herrixkak zeharkatuko ditugu jokoak iraungo dituen hamabi ataletan.

Etsaien artean zaldun eskeletikoak, armiarma erraldoiak, deabruak eta bestelako munstroak azalduko zaizkigu. Hauek hiltzeko ezpatarekin erasoko dugu nagusiki, baina agian are garrantzitsuagoa izango da euren erasoak saihesteko itzulipurdika aritzea.

Desafioak gainditzen joan ahala gure heroiari bere bidaian lagungarriak izango zaizkion armak, aztikeriak edo objektuak lortuko ditugu. Ez hori bakarrik: mailaz igotzen ibiliko gara, gure ezaugarriak hobetuz zein areagotuz.

Azken Steam Next Fest ekimenean demoa probatzeko aukera eduki genuen. Partida motzek bezain zirraragarriek itzel funtzionatzen zuten doako proban; orain, joko osorako balio duten ikustea geratzen da.

Bleak Sword jatorriz 2019. urtean kaleratu zen: Apple Arcade harpidetza zerbitzuan joka daiteke ordu hartatik. DX bertsioak abentura handituko duen berritasunak dakartza: etsai eta ingurune berriak biltzen dituzten hiru atal —originalean bederatzi ziren guztira—, ausazko elementuak areagotzen dituen randomizer modalitatea, bizitza barra bakarrarekin gainditu beharreko desafioak eta hondar joko mota amaigabea dira ikusiko ditugunak.

Aipatu modura, Bleak Sword DX ekainaren 8an merkaturatuko da PCan zein Switchean.