Hemeretzi urteren ostean bere lanpostua utzi du Warcraft III zein World of Warcraft garatzen ibilitako diseinatzaileak.

Ustekabean eman dute Overwatchen zuzendaritza aldatuko duen berria Blizzardekoek: Jeff Kaplan zuzendari nagusiak bere lanpostua utziko duela jakitera eman dute bideo-jokoaren webgunean.

Bertan Kaplan mezu labur batekin agurtu da jokalariengandik. “Horren pasio handia erakutsi duen jokalarientzat heroiak eta munduak sortzen aritzeko aukera bizi osorako moduko ohorea izan da”, adierazi du. Blizzardi, garatzaileen taldeei eta jokalariei bere esker ona adierazita, sormen bidaian lagun izan dituen garatzaileak nabarmendu nahi izan ditu Kaplanek.

Blizzarden ibilbidea Warcraft IIIrekin hasi zuen Kaplanek orain hemeretzi urte. Bertan diseinatzaile lanetan aritu ondoren, World of Warcraft MMORPG ezagunean zuzendari lanetan ibili zen, 2016an kaleratu zuten Overwatchen kargu berbera hartu arte. Ordutik hona heroien tiro jokoarentzako edukiak sortzen eta honen jarraipenean lan egiten ibili da Kaplan.

 

Horiez gain bertan behera utzitako Titan MMORPGaren garapenean ere parte hartu zuen: 2014ko irailean jokoa ezeztatu zutela iragarri zuen Blizzardek. Overwatchen aurrekaria izan zenak honen antzeko ezaugarriak zituen, baina “nahaspila hutsa” zela uste zuen Kaplanen taldeak. Horren ostean Overwatch garatzeari ekin zioten, Blizzarden azken urteetako frankiziarik arrakastatsuenean bilakatu den bideo-jokoa.

Horrela eta kargua uztearen arrazoirik eman gabe, Kaplanen erreleboa hartuko du Overwatchen sorkuntzan parte hartu zuen Aaron Kellerrek. Overwatch 2ren garapena “erritmo onean” doala nabarmendu du zuzendari berriak idatzitako mezuan, eta egindako aurrerapenen berri laster emango dutela azpimarratu du.