PC-rako eta kontsoletarako kaleratuko dute. Fantasiazko munduan girotutako abentura izango dela dirudi.

Blizzard Entertainment proiektu guztiz berriaren garapenean murgilduta aurkitzen da. Iragarri dutenez, biziraupen abentura izango da; oraindik ez dauka izenik ez argitaratze datarik.

Overwatch 2016an iragarri zutenetik sortutako lehen bideo-jokoen frankizia berria izango da Blizzardekoentzat. Enpresaren webgunean idatzitako artikuluan aipatzen dutenez, “unibertso guztiz berria izango da”. Mundu hau “ezagutzeko heroiz, kontatzeko istorioz eta bizitzeko abenturaz beteta” egongo dela aldarrikatzen dute, “esploratzeko zain dagoen erreinu zabala”.

Iragarpena egiterakoan erakutsitako bi irudietan argi ikus daiteke fantasiazko girotzea dutela buruan unibertso hau sortzerako orduan. Lehenengoan, elfo ehiztari baten itxura daukan emakumezko bat agertzen da basoan; bigarrenean, mundu arruntetik fantasiazko erreinu horretara bidaiatzen duten bi gazte azaltzen dira —orain horren modan dagoen isekai formatua erabiliko dutela dirudi beraz—.

PCrako zein kontsoletarako garatzen dabiltzala baieztatu dute arduradunek. 

Jokoa aurkeztearekin batera proiektua aurrera eramateko pertsonen bila dabiltzala ezagutzera emateko aprobetxatu dute. Arte, diseinu eta ingeniaritza lanpostuetarako adituentzako deialdia egin dute; webgunetik erantzun dezakete interesatuek.

Blizzarden proiektu berriarekin batera ezinbestekoa da enpresak gaur egun bizi dituen arazoak gogoratzea. Diskriminazioa eta sexu jazarpena egotzi dizkio Kaliforniako enplegu eta etxebizitza departamentuak enpresari bi urteko iraupena eduki duen ikerketa baten ondoren.

Ez hori bakarrik: biziraupen joko hau Microsoft-en eskuetan egongo dela nabarmendu behar da baita; Redmond-eko enpresak Activision Blizzard bereganatu duela iragarri zuen pasa den astean. 68.700 milioi dolarren truke erosi dute Bobby Kotick-en zuzendaritzapean dagoen erakundea.