Igandera arte hainbat ekimen antolatuko dituzte. Microsoft-ek Blizzard erosi osteko lehen azoka da.

BlizzCon azoka bueltan da. Activision Blizzard taldeak antolatutako azoka erraldoiak ostiralean abiatuko du 2023ko edizioa. Ohi bezala, euren bideojokorik handienen berriak eskaintzeko zein bestelako jarduerak egiteko lekua izango da: Diablo IV, Overwatch 2 edo World of Warcraft bezalako jokoak bilduko dituzte.

Azoka berezia da aurtengoa; izan ere, pandemia egoeratik antolatzen duten lehen aurrez aurreko BlizzCona izango da. AEBtan egingo dute, noski: Anaheim Convention Center eraikina da ekimenaren egoitza nagusia.

Ostiralean, azaroaren 3an, irekiko dituzte ateak, eta azaroaren 5era arte dozenaka ekimen eta jarduera egingo dituzte Blizzardekoek. Areto desberdinetan bideojokoen girotze bereziak dituzten gelak ikusiko ditugu: Diabloko tabernak, Warcrafteko erdi aroko azoka eta bestelakoak prestatu dituzte antolatzaileek.

Txapelketak ere jokatuko dira, noski. Esate baterako, Overwatch 2ren munduko koparen norgehiagokak lehiatuko dira.

Jarduerarik garrantzitsuena, baina, irekiera ekitaldian egingo da. Ostiralean 19:00etan abiatuko dute, eta bertan BlizzConeko iragarpenik handienak biltzea aurreikusten da; hau da, bideojokoen berritasunak eta albisteak eskainiko dituzte.

Warcraft Rumble mugikorretarako bideojokoa, Hearthstone karta jokoaren Showdown in the Badlands espantsioa, Diablo IVren bigarren denboraldiko berrikuntzak eta Overwatch 2ren heroi berriren bat azaltzea aurreikustekoa da, baina ea zer nolako ezustekoak ematen dizkiguten Blizzardekoek.

Presentzialki jarraitzeko aukerarekin batera, online ere ikusi ahalko dira bertan iragarritakoak. Blizzardekoen Twitch zein YouTube kateetatik eskainiko dute irekiera ekitaldia.

Bukatzeko, BlizzCona ixterakoan komunitatearen gaua ospatuko dute. Bertan ohiko mozorro lehiaketak, sormen eta marrazkilaritza ekimenak eta askoz gehiago egingo dira, baita kontzertuak nahiz ikuskizunak ere. Igandean 23:30ean hasiko dute gau berezia, eta hiru ordu inguruko iraupena edukiko du.