FromSoftware-n klasikoaren egokitzapen “fidela” prestatzen dabiltzala adierazi dute. Ez dauka kaleratze datarik.

Bloodbornek animazio filma jasoko du. Sony Picturesek CinemaCon 2026 ekimenaren aterpean iragarri du FromSoftware taldearen bideojokoaren egokitzapena.

Sanford Panitch Sony Pictures Entertainment Motion Picture Group enpresaren zuzendariak jatorrizko lanaren moldaketa “fidela” izango dela aldarrikatu du. Ez du datu askorik eman, bideorik ikusi gabe geratu baitira zaleak, baina adin nagusiko ikusleei zuzendutako filma izango dela adierazi du arduradunak.

JackSepticEye, hau da, Sean McLoughlin eduki sortzaile ezaguna arduratuko da ekoizpenaz Lyrical Media ekoiztetxearekin batera. Azken hau bideojokoen munduan lehen pausoak ematen hasikoa da: oraindik estreinatu gabeko Death Stranding Mosquito animazio filmaren atzean aurkitzen da, eta, bideojokoei zuzenean begira jarriz gero, Valor Mortis edo The Chinese Room taldearen hurrengo jokoaren ekoizpen lanak burutzen ibili da.

Bitartean, 2015. urtean PlayStation 4 kontsolan estreinatu zen Bloodborne maitatuaren berrargitalpenaren zain jarraitzen dute zaleek. Balorazio bikainak eskuratu zituen akzioa eta beldurra uztartzen zituen bideojokoak, baina PS4ko bertsioak errendimendu arazo ugari zeuzkan.

Bloodbornen animazio filmak ez dauka kaleratze datarik.

 

FromSoftware, ikus-entzunezkoen munduan barneratzen

Hidetaka Miyazaki zuzendariaren bideojokoek mundu guztiaren arreta erakarri dutela dirudi, Bloodbornena ez baita pantaila handiak jasoko duen egokitzapen bakarra izango.

Aspaldi iragarritako Sekiro: No Defeat anime filma aurten estreinatuko da, hasteko. Duela egun batzuk ikusi genuen ARCH eta Qzil.la estudioak prestatzen dabiltzan egokitzapenaren bigarren trailerra. Sekiro protagonistaren katana dueluak jarraituko ditu, estetika eta nortasun bereziekin.

Bukatzeko, Elden Ring handian oinarritutako filma ere iritsi behar da. Alex Garland zuzendari ezaguna ari da prestatzen; orain gutxi dekoratuaren irudiak filtratu ziren sareetan, gainera. Oraindik asko itxaron beharko da ikusteko, tamalez: ez dauka estreinatze datarik.