Netmarble estudioak hartu du Level-5 estudioaren frankizia, erroetatik aldentzeko asmoarekin. Egungo kontsoletan eta PCan argitaratuko da.

Ni no Kuni ederraren unibertsotik sortzen da Bloomwalker. Natura zaintzea eta hedatzea bilatzen duen tituluak artisautza, biziraupena eta abentura agintzen ditu, premisa anime estetika ederrarekin uztartuz.

Level-5 estudioa ikusi gabe geratuko gara kredituetan, hori bai. Netmarble arduratuko da —zehazki, enpresaren Netmarble Neo estudioa—, orain arte eskainitako proposamenengandik aldenduta: orain arte, gacha eta NFT elementuak biltzen dituen mugikorretarako online tituluak prestatu izan ditu.

Luminoa erresumako ustelkeria sendatzeko lanetan ibiliko gara. Horretarako, etxe ibiltariaren gainean —Howl-en gaztelu ibiltaria gogorarazten du, noski— santutegi batetik bestera joko dugu, bidean, natura loratuz. Bidean, Ni no Kuniren jarraitzaileek ondo ezagutuko dituzten Higgledy izakitxoak eta bestelako pertsonaiak aurkituko ditugu: inguruneak babestuta, hauei laguntzen ariko gara.

Etxean gordetzen den ate misteriotsura sartuta, dimentsio alternatiboan agertuko gara. Eraikitzeko, baliabideak kokatzeko eta denetariko lanak antolatzeko aukera edukiko dugu bertan, lauki sarez osatutako herrixka berezia sortuta. Laburbilduz, kudeaketa lanak, artisautza, sukaldaritza eta sormen bideojoko atseginen ohiko elementu guztiak bilduko ditu Bloomwalkerrek; itxura batean, gacha mekanikez ahaztu gaitezkeela pentsatuko dugu, ea egia den.

PlayStation 5, Switch 2, Switch eta Xbox Series kontsoletan nahiz PCan argitaratuko da Bloomwalker. Argitaratze data zehaztu gabe utzi dute arduradunek.