Jada bizitako kondaira.
Bideojoko independenteek ez dituzte soilik esperientzia alternatiboak eskaintzen, beste asko bideojoko klasikoetan oinarritzen dira, kasu askotan antzekotasun gehiegi izanez. Hori da, hain zuzen ere, Blossom Tales 2k erakusten duena. Agian bere erreferente nagusitik gauza gehiegi hartzen ditu, bere identitatea alde batera utziz eta berritasunik eskaini gabe. Esan daiteke The Legend of Zelda sagaren klona dela; zehazki, Link’s Awakening edo A Link to the Past bezalako jokoetan oinarritzen dena. Seguruenik hau izan da garatzaileen helburu nagusia, maite duten frankiziaren omenaldi entretenigarria egitea, besterik gabe. Eta, ondorioz, nobedadea alde batera utzi dute.
Izenburuarengatik hauteman daitekeenez, Blossom Tales 2: The Minotaur Prince, Blossom Tales: The Sleeping King bideojokoaren jarraipena da. Bisualki pixel art bera aurkezten du, polita eta koloretsua, arrandia estetikorik gabe. Bere lehenengo zatia bezala, bideojoko umila dela ikusten da. Hala erakusten da bere istorioa kontatzeko eran. Sutzar baten inguruan, aitonak abentura bat kontatzen die Lily eta Chrys ilobei. Biak istorioaren protagonistak izango dira, batez ere Lily, maneiatuko dugun pertsonaia. Lehenengo zatian ere bera zen protagonista.
Istorioak ipuina dirudi, haurrei zuzendua, anai-arreben arteko gatazka eragilea izanik. Agian horregatik ez nuke gehiagorik eskatu behar bideojoko honi… Esan daiteke haur edo gazteentzako zuzendutako Zelda estiloko bideojokoa dela. Saga honetara jolastu dugunok hainbat erreferentzia hautemango ditugu, ez soilik mekaniketan eta egituran. Musikaren eta instrumentuen garrantzia, labirintoa dirudien baso misteriotsua, ezpata mitikoa, hontza gidaritzat, hitz egin dezakeen zuhaitz handia…
Bardoak abesti bat irakasten ari dio gure protagonistari.
Lilyren anaia minotauro gaizto batek bahitzen du, bere gaztelura eramanez. Han sartzeko, neskatoa hiru tenplutara joan beharko da, giltza baten zatiak lortzeko eta elkartzeko. Tenplu hauek etsaiz eta puzzlez beteta egongo dira. Eta giltzaren zatia lortzeko, Lilyk tenplu bakoitzaren azken nagusia gainditu beharko du.
Azken nagusi hauek, nahiz eta era oso klasikoan diseinatuta egon (etengabe eraso patroi berberak errepikatzen joango dira, ordenean eta aldaketarik gabe), freskotasuna eransten dute. Azken batean mundua esploratu ahala etsai berberekin topo egingo dugu eta erraz gainditu daitezke. Azken nagusi hauek erronka handiago bat eskaintzen dute, eta atal bisualean nahiz jokagarrian nahiko desberdinak dira.
Mekanika nagusiak
Mekanikoki ere ez dago berritasunik. Tenpluetan eta beste guneetan lortuko ditugun objektuen bitartez mundua geroz eta gehiago esploratu ahal izango dugu, era berean trama nagusian aurrera eginez. Arkua, bumerana, leku urrunetara heltzera lagunduko digun yo-yo bat, bonbak eta beste objektu batzuk eskuratzen joango gara. Objektu bakoitzak funtzio ezberdinak dituenez, etengabe objektuz aldatzen joan beharko gara.
Zelda sagan hau beti izan da apur bat deserosoa, objektuz aldatu nahi genuen bakoitzean menuan sartu behar ginelako. Breath of the Wild jokoan badirudi hau konpondu egin zela, baina ez da Blossom Tales 2ren kasua. Nintendo Switcharen goialdeko botoiak ez dira erabiltzen, eta hori dela eta bakarrik lau botoi erabili ahal izango ditugu. Objektuentzako bi daude esleituta, beste biak ezpatarentzako eta errodatzeko izanik. Gauza txiki bat badirudien ere, “Zelda moderno” bat izanda, hau hobetu izana eskertzekoa izango litzateke.
Bideojoko honen atal nabarmenena agian esplorazioa da. Hainbat sekretu eta pertsonaia mundutik sakabanatuta egongo dira. Bazter bakoitzak zerbait ezkutatuko du, batez ere, bizitza gehiago eskuratzeko bihotz zatiak eta energia handitzeko zatiak. Esplorazioa ondo neurtuta dago, eta gogobetegarria da.
Baina badaude beste misio batzuk non baliabideak edo objektu desberdinak bildu beharko ditugun. Arrainak, landareak, edabe konkretu bat egiteko osagaiak etab. Istorioa soilik gozatu nahi badugu, ez dugu misio mota hauek egin beharrik, baina ehuneko ehuna atera nahi izatekotan, apur bat astuna gauza daiteke.
Badaude une batzuk non Blossom Tales 2k egoera interesgarriak planteatzen dituen, eta jokoak ideia propioak dituela dirudi. Adibidez, momentu batzuetan ilobek istoriora erreakzionatu eta aldatu egiten dute, aitonari proposamenak eginez. Baina zerbait berria eskain dezakeen pentsamendua laster desagerrarazi zait, bere nukleoa Zelda bideojokoekin oso lotuta dagoelako.
Iraultzarik proposatu gabe
Behintzat The Legend of Zelda bakoitzak, nahiz eta batzuk euren artean antzekoak izan, bere identitate propioa zuen, mekanika esklusiboa sartuz. Bi munduen artean bidaiatzea, urtaroz aldatzea, itsasoan nabigatzea, otso batean bihurtzea, zerua zeharkatzea, etab. Baina bideojoko hau deskribatzerako orduan, bururatzen zaidan lehenengo hitza, aipatu dudan saga da.
Orain dela lau urte gutxi gorabehera, lehenengo zatian jolastu nuen, nire Nintendo Switchean ere, eta ez dut ia ezer gogoratzen. Lau urte hauetan ez dut bideojoko hau nire buruan izan, eta bigarren zatiarengatik izan ez balitz, seguruenik bizitza osorako ahaztuta izango nuen. Horregatik bi bideojoko hauek nire buruan berriro izateko, agian hirugarren zatiaren argitalpenera arte itxaron beharko dut.
Ez dudanez era hain negatiboan amaitu nahi, esan beharra dut bideojoko hau nahiko dibertigarria dela. Abentura eta puzzleak nahasten dituzten bideojokoetan sartzeko aproposa. Ez du jokalaria gehiegi zigortzen eta zailtasun maila ondo neurtuta dago. Gainera, tenpluren bat zaila egiten bazaizue, beti esploratu daiteke mundua, bihotz zati gehiagoren bila edo borroketan baliagarriak diren edabeak prestatuz. Jokalari berria bazara, sartu beldurrik gabe. Bestalde, esperientzia baduzue, uste dut hortik proposamen interesgarriagoak daudela.
Iruzkinak