Holly mendiko misterioak argitzera eramango gaitu, sekretuen atzean ezkutatzen diren sekretu misteriotsuagoak aurkeztuta. PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan kaleratzen da.
2025eko bideojokorik interesgarrienetakoa gaur jasoko dugu. Blue Prince Dogubomb estudio independentearen lehen titulua puzzlez eta misterioz betetako abentura da, eta balorazio ikaragarriak baino ez ditu eskuratu prentsaren aldetik.
“Egun bakoitzak misterio berria dakar”, diote egileek. Holly mendian kokatutako etxebizitza esploratzea eta arakatzea proposatzen digu Blue Princek, gela zehatz bat aurkitzeko helburuarekin: 46. gela, hain zuzen.
Noski, ez da horren erraza izango. Izan ere, egunsenti berriarekin etxearen egitura goitik behera berrantolatuko da. Tira, guk antolatuko dugula esatea aproposagoa da; alegia, etxeko planoak eskuan hartuta, gela bakoitzaren kokalekua zehaztuko dugu etxebizitza zeharkatzen dugun bitartean.
Gelak aukeratzerako orduan kontuan hartzekoak daude. Gela batzuek onurak ekarriko dizkigute: adibidez, baliabideak sortzeko tresnak edo sabela betetzeko janaria aurki ditzakegu. Etxea sortzeko eta misterioak argitzen jarraitzeko egiturarik aproposenak hautatu beharko dituzte jokalariek, baina partida bakoitzean bilatu nahi duguna ez da zertan aurrekoaren berbera izan behar, aurrera egiteko baliogarriak diren objektu edo hobekuntza iraunkorrak gordetzen baititu Hollyk.
Horrenbeste jokotan ikusten gabiltzan roguelike elementuak bereganatzen ditu, hortaz, Blue Princek. Agerikoa denez, proposamen bitxi bezain berezia dakar bideojokoak, eta ez zaigu gehiegirik sakontzea komeni jokatu aurretik.
Ordenagailuetan eta PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletan jokatu ahalko dugu Blue Princen gaurtik aurrera.
Iruzkinak