The Wall Street Journal-en prestatutako erreportaje sakonak bideo-jokoen enpresan hamabost urtez gertatutakoak ezkutatzeko ahaleginak argitara atera ditu.

Activision Blizzardarraza eta genero diskriminazio eta sexu jazarpen salaketak egotzi ondoren egindako ikerketek enpresaren baitan emandako kasuak argitara ateratzen jarraitzen dute. The Wall Street Journal egunkarian idatzitako artikulu luzean adierazten dutenez, Bobby Kotick enpresako presidenteak hainbat urtez ezkutatu ditu bertan emandako abusu kasuak.

“Hainbat urtez, hainbat emakumek salatu dute Kotick bera lantoki barruko zein kanpoko jokaera desegokiengatik, eta kasu batzuetan kexei irtenbidea aurkitzeko azkar eta isilpean aritu da”, nabarmentzen dute erreportajean. Hori horrela, hamabost urtetan eman izan diren abusu kasuetan pertsonalki esku hartu duela aldarrikatzen dute artikuluaren egileek.

Heriotza mehatxuak nabarmentzen dira presidenteak egindakoen artean. Aipatzen denez, 2006. urtean laguntzaile pertsonala mehatxatu zuen Kotickek, jarraian barkamena eskatzeko: “orain 16 urte azkar batean eskatu zuen barkamena hiperbole argiarengatik eta ezegokiarengatik, eta mezuan erakutsitako tonuarengatik eta ahoberokeriarengatik”, adierazten du Activision Blizzardeko kide batek erreportajean. Dirudienez, istilua akordio baten ondorioz konpondu zuten.

Antzekoa gertatu zen 2007an emandako beste jazoera batean: bere jet pribatuan zihoala, Kotickek hegazkineko laguntzailea “suntsitu egingo zuela” esanez mehatxatu zuen; laguntzaileak pilotua salatu nahi zuen sexu abusuengatik. Kasu honetan akordio batera iritsi ziren baita, baina Kotickek mehatxua ukatu egiten du.

Gainera, presidenteak beste hainbat kargu handi babestu zituen hauek abusu kasuetan parte hartzerakoan. Esate baterako, Dan Bunting Treyarch-eko burua salatu zuen langile batek 2017an. Bi urteko ikerketaren ondoren, Bunting kaleratua izan behar zela erabaki zen, baina Kotickek bere alde egin zuen, lanpostuan mantentzea lortuta. Erreportajea argitaratzerakoan Buntingek bere kargua uztea erabaki du. Ildo bereko beste hainbat kasu aipatzen dira erreportajean.

Activision Blizzardetik adierazi dutenez, artikuluak “enpresaren eta presidentearen irudi okerra eta engainagarria” eskaintzen du, bertan aipatzen diren kasuak dagoeneko konpondu zirela aldarrikatuta. Horrez gain, WSJ egunkariak Activision Blizzardek hartutako erabakiak eta aldaketak alde batera uzten dituela diote, presidentearen alde eginez. “Batzordeak uste du Kotickek bere arazoak modu zuzenean konpondu zituela”.

Hala ere, enpresako akziodunen talde batek Kotickek lanpostua uzteko eskatzen du. Batzordeari bidalitako mezuan adierazten dutenez, “Kotickek, aurreko adierazpenetan azaldutakoaren kontrara, diskriminazio zein sexu jazarpen eta erasoak ezagutzen zituen, baina bai, arduradunak, bai exekutiboak kaleratzerako orduan zein enpresaren kultura erasokorrarren natura onartzerakoan huts egin zuen”.

Presidentea kaleratzeaz gain Brian Kelly eta Robert Morgado batzordeko kideek Activision Blizzard uzteko eskakizuna egiten du taldeak. Jim Ryan PlayStation-eko zuzendariak gogor egin du Koticken aurka enpresako langileei bidalitako barne mezuan. Bertan azaltzen duenez, PlayStation Activision Blizzardekin harremanetan jarri da enpresaren etorkizunari buruz galdetzeko erreportajean agertzen diren kasu desberdinen harira.