Team Reptile-ko garatzaileak Jet Set Radio maitatuaren oinordekoa prestatzen dabiltza PC-rako eta kontsoletarako. Aurten kaleratzea aurreikusten dute.

Kaleko kultura eta skate parkeetako giroa aldarrikatzeko asmoarekin dator Bomb Rush Cyberfunk berezia. Trikimailu mordoa egin ahalko da Team Reptilen bideo-jokoan, eta horretarako tresna desberdinak izango dituzte eskura jokalariek: irristailuak, bizikletak nahiz skate taulak erabili ahalko dira abentura koloretsu eta dibertigarri honetan, eta horiekin egin ahalko diren mugimenduak ezagutzera eman dituzte.

Jet Set Radio sagara jokatu dutenek antzekotasun handiak ikusiko dituzte BRCen: cel shading estetikatik hasita, SEGA-ko japoniarrek sortutako frankiziako girotzea zein oinarrizko mekanikak jarraituko ditu Lethal League dibertigarriaren sortzaileen obra berriak.

Tony Hawk’s Pro Skater sagan ikusitako jostagarritasuna izango du oinarri jokoak; hau da, trikimailu mordoa eginez puntuak lortzea izango da helburuetako bat. Jet Set Radion ikusi bezala, baina, grafitiak margotu eta poliziarengandik ihes egin beharko da baita ere. Izan ere, jokalarien helburua bere taldearen izena zabaltzea eta hiriko kokalekuak bereganatzea izango da.

Horretarako hiria esploratzea ezinbestekoa izango da. Garatzaileek agintzen dutenez, pertsonaia arraro eta bitxi mordoarekin topo egingo dute jokalariek. Trailerretan argi geratzen denez, xarma berezidun abentura izango da BRC.

Jet Set Radiorekin dituen antzekotasunekin jarraituta, soinu banda ezinbestean aipatu beharra dago. Izan ere, SEGAko jokoen musika sortzeaz arduratu zen Hideki Naganuma da Team Reptilen jokoaren doinuen arduraduna.

Bomb Rush Cyberfunk aurten kaleratzeko prest daude garatzaileak. Dion Koster zuzendariak azaldu duenez, “gogor lan egingo dute aurten bukatzeko”. Plataformei dagokienez, PCrako baieztatuta dago, baina kontsoletan ere kaleratuko dute; ikusteko dago zeintzutan merkaturatuko duten joko dibertigarri hau.