Square Enix-en Final Fantasy JRPG saga ospetsuaren oinordeko hau Switch-eko esklusiboa izan da orain arte.

PCko erabiltzaileek orain urte batzuk horren urriak izaten ziren JRPG generoko azken lanetako bat jasoko dute. Square Enix eta Claytechworks garatzaileek sortutako Bravely Default II Steam plataformara iritsiko da gaur bertan.

Otsailean Switch kontsola hibridorako argitaratu zen bideo-jokoa esklusiboki; modu horretara saga lehen aldiz urrunduko da Nintendoren gailuetatik. PCrako bertsioak hainbat hobekuntza edukiko dituela aurreratu dute japoniarrek. Nola ez, bereizmena aldatzeko aukera emango du jokoak, eta aginteentzako euskarria ere agindu dute. Horrez gain bikoizketa japoniarrez zein ingelesez entzun ahalko da.

Nintendo 3DS-rako kaleratutako Bravely Default eta Bravely Second: End Layer JRPGen jarraipena den arren, Bravely Default II honek istorio zein pertsonaia guztiz berriak batzen ditu; ez da beharrezkoa aurreko jokoak gaindituta izatea Steamera helduko den jokora aritzeko beraz.

Bideo-jokoak balorazio onak jaso zituen bai kritikaren zein zaleen aldetik Switcherako merkaturatu zenean. Bertsio berriaren argitalpena ospatzeko, Steamen merkealdi txikiarekin eskuratu dezakete irailaren 14a baino lehen erosten duten jokalariek.