Bukatu gabeko jokoen astea

Ander Intxaurrondo | 2014/11/13 10:30 Berriak



Aste honetan bi joko jarri dira salgai. Joko hauek guztiz desberdinak diren bi frankiziatakoak dira, bakoitzak garatzaile desberdinak ditu, planteamendua zeharo desberdina da, jokoaren generoa ere,... Baina bi gauza dute biek komunean: (1) aste honetan jarri dira biak salgai, eta (2) bi joko hauek bukatu gabe daude.

Bi joko hauek Assassin's Creed: Unity (PS4, Xbox One eta PCrako) eta Sonic Boom (Wii Urako) dira. Bukatu gabe egoteak jokoetan aurki ditzakegun hainbat arazo, akats eta abar konpondu gabe daudela esan nahi du, eta biak jarri dira salgai arazo hauek konpondu gabe.

Artikulu honetan arazo hauetako hainbat irudi eta bideo bildu ditugu. Nahiko barregarriak dira, baina ez diote hainbeste grazia egingo jokoa ordaindu duenari. Irudiak hobeto ikusteko, sakatu saguaren eskubiko botoia irudiaren gainean eta aukeratu "Ikusi irudia".

Hasteko, hona hemen Assassin's Creed jokoaren akats desberdinak:

5 fps-tan jolasean:




Texturak? Zertarako?













Tipo hau mamua da:



Ez nekien hau beldurrezko jokoa zenik:



Nola sartu ote da hori hor barrura?



Hegaz:





Motorrak XVIII. mendeko Parisen?



Eta amaitzeko, jokoan aurki ditzakegun akats gehiago bilduta bideo batean:



Assassin's Creed: Unity alde batera utzita, Sonic Boom jokoari jarriko diogu arreta.

Joko hau atzo jarri zen salgai Ameriketan, eta datorren astean iritsiko da Europara. IGN bezalako webgune asko kexatu dira ez dutelako kopiarik jaso analisirik egiteko. Kontziente al da Sega trikuaren joko berriaren kalitateaz, eta analisiak agertu aurretik jendeak erostea nahiago ote du?

Hona hemen jokoak dituen hainbat arazoren bideo eta irudiak:

Mailu magikoa:



Zubia holograma bat ote?



Honek bai ez daukala zer esanik:



Ustekabe galanta:



Bideo honek helduentzak edukia dauka:



2006an antzeko zerbait gertatu zen. Sonic trikuaren 15. urteurrena ospatzeko, PS3 eta 360 kontsoletarako, Sonic the Hedgehog jokoa (Sonic 2006 ezizena erabiltzen du komunitateak) prest egon beharra zegoen, baina ez zuten garaiz bukatu. Segako buruek, jokoaren arazoak konpondu baino, salgai jartzea erabaki zuten, eta emaitza katastrofikoa izan zen. Ondorengo bi bideotan ikus daiteke lan asko zutela oraindik egiteko joko on bat lortzeko. Kritikak, espero bezala, oso txarrak izan ziren.





Badirudi Segak ez duela ezer ikasi horrez geroztik, eta Ubisoftek bere frankizia kuttuna nola edo hala prest dagoela esplotatzeko, jokoaren kalitateari inongo garrantzirik eman gabe.

Programatzen ikasi duen edonork badaki programatzean bugak, akatsak eta abar aurkitzea ez dela batere erraza. Badira akats batzuk berehala aurkitzen direnak eta konpontzen direnak, beste batzuk berriz oso zailak dira detektatzeko eta proiektu batean bazabiltza hilabete batzuen ondoren aurkitzen dira batzuk. Nik ez dakit bideojokoak programatzen, baina badakit ez dela lan xamurra arazo desberdinak topatzea eta konpontzea.

Bideojokoen historian hainbatetan jarri dira jokoak salgai akats batzuekin. Normalean ez dira hain grabeak izaten, eta berehala dago eskura hauek konpontzen dituen eguneraketa bat, joko fisikoen distribuzioa hasi eta ondoren topatu dituztelako. Beste kasu askotan hilabete batzuen ondoren topatzen dira arazo asko, eta beste batzuetan urte batzuen ondoren. Badira kasu batzuk behin baino ez direla gertatzen, 10 pertsonari edo.

Kontua da bi joko hauetan erakutsi ditudan akats hauek oso argiak direla, hainbat eta hainbat erabiltzailek topatu dituzte, ez dira anekdotak izan, eta argi uzten dute jokoa oraindik bukatu gabe dagoela. Goian esan dudan bezala, barregarriak dira, baina ez diote inongo graziarik egingo erosi dituenari. Oso larria iruditzen zait joko hauek egoera honetan salgai jartzea, onartezina, eta nik uste dut komunitateak erantzun bat eman behar duela, horrelakorik berriro ez gertatzeko.

Ez diezaiegun errua bota programatzaile, testeatzaile, eta jokoaren garapenean parte hartu duten guztiei. Hau ez da beraien errua. Hain egoera txarrean salgai jartzearen erabakia enpresetako buruena izan da, jokoaren egungo egoerari inongo garrantzirik eman gabe, eta diruzalekeriagatik gaboneko kanpainara garaiz iristeko.

Zer iruditzen zaizue Sega eta Ubisoften jokabide hau? Tontotzat hartzen gaituztela uste al duzue? Esajeratzen ari naizela uste duzue eta egoera hauek anekdotikoak direla uste duzue? Antzeko beste kasuren bat ezagutzen al duzue? Animatu komentatzera!!

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak (6)

Haritz Odriozola Nov. 13, 2014, 11:33 a.m.

Sega-k Sonic-ekin egin duenaren antzekoa egin omen duela Ubisoft-ek entzun det. Hauek prentsari kopia bat egun batzuk lehenago eman bai, baina X egun arte ezin analisirik edo jolasaren iritzirik eman. Ez det gaizki-pentsatua izan nahi, baina badirudi bazekitela jolasak ze arazo izango zituen ta etzutela nahi prentsak artikuluak ateratzea jendeak salmenta egunean atzera egin ez zezan.

Ander Intxaurrondo Nov. 13, 2014, 12:55 p.m.

Uste dut enbargoa salgai jartzen zen egun berean amaitzen zela. Ubisoftek poltsan %9ko beherakada eduki duela esaten ari dira, justu Unityk interneten edukitzen ari dituen kritika eta burlengatik. Ea egin dutenaren ondoren, era desberdinetako zigorrak jasotzen dituzten, eta hurrengoan jokoak egoera hobean salgai jarri, nahiz eta horrek suposatu urtero AC bat ez egotea.

Xabier Calvo Nov. 13, 2014, 11:01 p.m.

Honekin garbi geratzen da ez dela bideragarria urtero sagako joku bat ateratzea. Horrelako jokuak egiteko behar den denbora askoz handiagoa da. Baina dirua dirua da, eta ezin da ahaztu konpainia hauek dirua irabazteko daudela. Nire iritziz, horrelakoekin dirua irabazi beharrean galdu egiten dute...
Horrelako jokaerak geroz eta gehiago emango dira, gaur egun jokuak atera ondoren ere eguneratu daitezkeelako. Lehen, jokoak hobeto amaitzen lan gehiago hartzen zuten, behin argitaratutakoan ez baitzegoen atzera bueltarik...

Xabier Calvo Nov. 17, 2014, 9:58 p.m.

Gaur irakurri dut Asassins Creed:Unity jokuaren salmentak mantendu egin direla dituen akats guztiak izanda ere. Agian hau da arazoa...

Ander Intxaurrondo Nov. 18, 2014, 12:24 a.m.

Ba bai, holakotan ere jendeak erosten baditu, honek ez du erremediorik izango. Badago jendea honetaz ez dagoela informatuta, hor ez dut problema ikusten, hurrengorako hobeto informatuko direlako, arazoa ikusten dut aurretik dakien pertsonan eta hala ere jokoa erosi badu. Dena den, hau oso gai zaila dela uste dut, zeren eta saga bat oso gustoko baduzu, eta kriston gogoa badaukazu joko berriarekin jolasteko, nahiz eta jakin bug asko dituela, onartu beharra daukat ez dela batere erraza hypeari eustea, eta hori errespetatu beharra dago, erraza da esatea joku batek erakartzen ez zaituenean, baina erakartzen badu, orduan bai kostatzen dela pausoa ematea.

Xabier Calvo Nov. 18, 2014, 10:01 p.m.

Beraz marketin kanpaina on batekin nahikoa hype sortuz gero, jokoa amaitu gabe badago ere asko salduko du! Marketina inbertsio ona konpanientzat!

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

Steam konexioak huts egin du...

Azken erantzunak

Iker Ibarguren May 22, 2020, 2:16 p.m.

Puuuuuuufffffa! zenbat gozatu (eta sufritu!!) nuen joko honekin.... Artikulu bikaina Lander!!
Lordraneko erreinutik galduta - Dark Souls gogora…

Lander Unzueta April 25, 2020, 2:21 p.m.

Ez dute preziorik aipatu, beraz ez dut uste doakoa izango denik jatorrizko jokoa free to play bezala kaleratu zuten arren...
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…