Hanburgesa jatetxea ireki berri duzu, ikus dezagun ea gero eta gehiago diren bezeroen nahiak asetzeko bezain azkar prestatzen ote dituzun hanburgesak!

Jokoaren publizitaterako irudia

Android gailuetako dendetan horrela hasten du Burger Party-ren garatzaileak jokoaren deskribapena. Zerbitzari moduan guri hanburgesak osatzea tokatuko zaigu, bezero bakoitzak nahi duen bezalako hanburgesa prestatuz.

Denbora kudeaketa joko bat denez, ahalik eta denbora laburrenean egin beharko dugu gure lana. Lan horren fintasunaren araberako ordainketa eginen digu bezero bakoitzak. Hau da, hanburgesa azkar prestatzen badugu, hiru txanpon emanen dizkigu. Aldiz, denbora gehiegi behar badugu edota osagaiak elkartzean akatsak egiten baditugu (kasu honetan berriz hasi beharko dugu hanburgesa egiten), txanpon gutiago eta aurpegi oker bat emanen dizkigu sari bezala.

Hanburgesa prestatzen bezero batzuk zain daudela

Mailetan aurrera egin ahala, osagai berriak lortuko ditugu gure bezeroen nahiak asebetetzeko. Era berean, munduan zehar ibiliko gara lanean: AEBtan hasiko zara, baina Burger Party-rekin piraten gordeleku batera eta Japoniara ere joango gara. Lurralde bakoitzean osagai bereziak izango ditugu bertakoentzat hanburgesa bereziak prestatu ahal izateko.

 

Lorpenak

Lorpen sistema bat ere badu jokoak erronka are handiagoa izan dadin. Lorpen horietako batekin Praktika Txokoa desbloketatuko da: gure sormenari hegan egiten utzi eta nahi dugun altuerako hanburgesak sortu ahal izateko inor zain izan gabe.

 

Hizkuntza ezin aukeratu

Joko gehienetan ezarpenen atalean dago jokoaren hizkuntza aukera. Burger Party-k berriz ez du aukera hori, beraz, euskaraz aritzeko modu bakarra telefonoa bera euskaraz konfiguratuta izatea da. Agian telefonoa euskaraz ez zuen norbait hori egitera animatuko da joko hau euskaraz gozatzeagatik?

Burger Party joko librea denez, f-droid dendan eskura daiteke, baita Google Play-n ere.

 

Aurélien Gâteau garatzailea

Burger Party-ren garatzaile frantziar hau softwaren librearen munduan garatzaile ezaguna da egin izan dituen hainbat programengatik. Game Erauntsian ere lehendik entzun dugu bere izena, izan ere, euskaraz goza dezakegun pixelwheels jokoa ere berak garatutakoa baita.