Bury Me, My Love The Pixel Hunt estudioak garatu zuen, Figs diseinu-estudioarekin, eta Arte Francek argitaratu zuen Android-erako eta iOS-erako, 2017ko urriaren 25ean. Nintendo Switch-en eta Windows-en bertsioak 2019ko urtarrilaren 10ean argitaratu zituen Playdius Entertainment-ek.

Jokoa benetako gertakizunetan oinarritzen den fikziozko eleberri bisual bezala aurkezten dute egileek, jokalariaren erabakiak kontuan hartzen dituena. Analisi honek Windowseko bertsioa aztertuko du, beste bertsioei buruzko aipamenak ere egingo diren arren.

 

Gudatik ihesi…

Bideojoko honek benetako gertakizun nagusi bat hartzen du abiapuntutzat, 2011n Sirian hasitako guda, hain zuzen. Egoera honen aurrean, protagonistek zer erabaki duten ulertuko dugu. Jokalari bezala Majd izeneko gizona izango gara, eta abenturan garrantzitsuena gure emaztea den Nour izango da.

Izan ere, bikoteak Siriatik ihes egitea erabaki du, baina lehenik, orain arte erizaintza lanetan ibili den Nourrek egingo du saiakera. Biltzea lortu duten 2.700€ inguruko diru kopuruarekin Europarantz abiatuko da, Alemanian asilo edo babesa errefuxiatutzat eskatzeko asmoz.

Zenbait erabakik, lurrez joan ordez, itsasoa zeharkatuz joatea ekarriko dute.

Jostagarritasuna berez, oso sinplea da. Majd bezala, mugikorreko txat aplikazio baten aurrean egongo gara gure emaztearekin komunikatzeko. Erabilitako mekanika honetan datza: Nourrek bere aurrean duen egoera aurkeztuko digu eta guk gure iritzia edo aholkuak emango dizkiogu.

Orokorrean, aukera ezberdinen artean hautatu ahal izango dugu, komenigarrienetara joz. Horrela, autobusa hartu edo taxian joatea komeniko zaion erabakitzen lagunduko diogu, edo hurbi dauzkan bi hiri desberdinen artean bat hautatzen laguntzea, adibidez.

Tarteka, bikotekideek elkarrekiko duten harremana azaleratuko da, une goxo zein urduriekin. Zenbait kasuetan, bikotekideek argazkiren bat partekatuko dute eta honek informazio bisuala emango dio irakurleari. Horrez gain, GPS eta mapamundia erabiltzeko aukera ere badugu, Nour non dagoen eta norantz joan behar den argiago ikus dezagun.

Benetako gertakizun nagusi bat hartzen du abiapuntutzat, 2011n Sirian hasitako guda.

Bury Me, My Love-k hemeretzi amaiera desberdin eskaintzen ditu. Jokaldi bakoitzean ez da gure erabakietan atzera egiterik egongo eta hautatutakoarekin aurrera egin beharko dugu. Jokoaren amaiera batera iritsitakoan Nourren audio bat jasoko dugu, lortutako azken egoeraren berri izan dezagun. Honen ondoren jokoa hasierako egoerara bueltatuko da, lehen aldiz hasiko bagina bezala.

Jordaniako Za'atari errefuxiatu-kanpalekua aipatzen da, 80.000 pertsona bizi dira han.

Bere ehuneko handienean testuz osatutako artelana den arren, lantzean behin sartutako irudiek eragin handia dute. Batez ere, hitzez azaltzen diren gauzei buruzko beste informazio mota bat eskaintzen digutelako. Horrez gain, une jakin batzuetan beraien sarrera egiten duten soinuek ere jokalariaren sentsazioan eragina izan dezakete, bereziki unerik larrienetan.

Bideojokoak sari ezberdinetarako izendapenak zein garaipenak lortu zituen. Ukaezina da jokoak proposamen berezia egiten duela, gure munduko gizarte siriarrak pairatutako errealitate hits, zaurgarri eta mingarria islatzen duelako.

Horrek, pisu emozional handiko eleberri bisual bihurtzen du eta hainbeste pertsonengan eragina izan du zalantzarik gabe. Jokalariarengan errefuxiatu bezala ibiltzera behartuak izan diren pertsonekiko enpatia sortarazi dezake, honelako egoerei buruz hausnartuaraziz.

Egileek jokoaren debaldeko prekuela bat ere sortu zuten, Majd eta Nour joko honen hasierara nola heldu ziren azalduz. Bere izena Nour’s Choice da, eta 15-20 minutuko iraupen laburra dauka.

GPSa eta mapamundia erabil ditzakegu Nourren bidaia jarraitu eta hobeto aholkatzeko.

Modu berezian aurkeztutako abentura…

Jokoa mugikorretarako kaleratu zen hasieran, eta bertsio hauetan, elkarrizketa “denbora errealean” garatzen zen, hots, batzuetan egun bat itxaron behar zen Nourren erantzuna jasotzeko. Nour egoera lasai eta konexiodunean zegoenean segundo edo minutu bakar batzuen ondoren erantzuteko gai izaten zen.

Nintendo Switch eta Windowseko bertsioetan jokoak denbora modu azkarrean pasatzen du, zenbat denbora pasatu den dakigun arren, itxaron behar ez dezagun. Esan genezake jatorrizko bertsioak alde emozionala indar zitekeen “denbora errealaren” ezaugarria zuela bere alde, eta bi bertsio gazteagoek erabiltzeko erraztasuna daukatela, itxaron aldiak deuseztuz.

Nourrek bere aurrean duen egoera aurkeztuko digu eta guk gure iritzia edo aholkuak emango dizkiogu.

Aipagarria da Nintendo Switcheko bertsioak pantaila erretratu eran jartzea baimentzen duela, mugikor baten itxura bereganatuz. Ukimen zein botoien bidez erabil daiteke, baina batzuek diotenaren arabera, ez da komeni kontrol sistema biak nahastea, interfazeak ez omen du ongi erantzuten.

Abenturan zehar Nourrek bidaide ezberdinak egingo ditu.

Jokoak jasotako kexuen artean arrazoi desberdinetakoak zerrenda daitezke. Eleberri bisualen generokoa izan arren bere interaktibotasuna handiagoa izan zitekeela da hauetako bat. Beste bat zera da, lehen jokaldiaren ondoren, hurrengo jokaldietan ezin dela aurretiaz ikusita daukagun testua modu arinago batean pasatu.

Kasu batzuetan, geuk zerbait egiteko behin eta berriz gomendatu eta errepikatu arren, gure emazteak guri jaramonik ez egitea erabakiko du, izan ditugun hautatzeko aukerak ilusio hutsa izan direla sentiaraziz. Zenbait jokalarik errefuxiatuen egoeraren ikuskera bigun eta alaiegia erakusten duela iruditu zaie, Europara migratzea erraza balitz bezala.

Nik harriduraz hartu nuen azken kritika hau, izan ere, jokoa lehen aldiz probatu nuenean, proiektu ausart bezain gogorra zela iruditu zitzaidan. Gainera, nik jaso nuen amaiera ez omen da latzenetakoa. Uler dezaket, honelako egoera bat bizi duen norbaitek, errealitatea oraindik zorrotzagoa dela babestea, baina bizipen hauek arrotz zaizkigunoi hurbilarazteko ahalegin nahiko ona iruditu zitzaidan, nire ezjakintasunean beharbada.

Majdek dirua ahalik eta hoberen ezkutatzeko gomendatzen dio Nourri.

Nobela bisual bezala aurkeztutako abentura dugu Bury Me, My Love. Erabakiak aukeratzekoan maila bateko askatasuna eskaintzen duena eta bikotekideen arteko harremana modu naturalean adierazten saiatzen dena. Ezaugarri hauek onartuko lituzkeen orori gomendatuko nioke gutxienez jokaldi bat, esperientzia sinplea den arren, emozionala eta berezia iruditzen zaidalako.