Kokaleku eta erronka berriak eskainiko dizkie tituluarekin jarraitu dutenei. Are eduki gehiago iritsiko direla baieztatu dute egileek.
Cairn arrakastatsuak On the Trail: Deep Water espantsioaren kaleratze data baieztatu du. Urriaren 29an gehituko diote oinarrizko bideojokoari The Game Bakersekoek, debalde estreinatuta.
Eskalatze mekanikez gozatzen jarraitu nahi duten jokalariei bideratutako eduki gehigarriak hiru kokaleku berri aurkeztuko dizkigu. Gainera, izenburuak adierazten duen bezalaxe, ura protagonistetako bat izango da: hau ukitu bezain laster itotzeari utziko dio Ava protagonistak, bide berriak desblokeatuta. Bukatzeko, Marco ere aukeratu ahalko dugu eskalatzerakoan.
Urtarrilean estreinatu zen Cairn PCan zein PlayStation 5ean. Eskalatze sistema sakona, biziraupen eta baliabide bilketa mekanikak, puzzleak eta istorio landua bilduta, azken hilabeteetako altxor ezkutu horietakoa izan da askorentzat: Steam plataforman ikaragarrizko iritziak eskuratu ditu probatu dutenen aldetik, eta kritika profesionalak ere goraipatzen du.
Ez da harritzekoa, The Game Bakers estudioa atzean izanik: Furi eta Haven zoragarrien egileek indar betean jarraitzen dutela aditzera eman dute Cairnekin. On the Trail: Deep Water lehen eduki gehigarri handia baino ez dela izango azaldu dute, gainera, hurrengo erronkak ere doan eskuratu ahalko direla baieztatuta.
Cairn PC eta PS5 gailuetan joka dezakegu dagoeneko. Urriaren 29an iritsiko da On the Trail: Deep Water doako DLCa.
Switch 2an, 2027 hasieran
Aipatutako plataformez gain, Nintendo-ren azken kontsolarako moldaketa prestatzen dabiltza The Game Bakersekoak. Data guztiz zehaztu gabe, 2027ko lehen hilabeteetan Switch 2an argitaratzeko asmoa erakutsi zuten duela egun batzuk.
Lander Unzueta
Iruzkinak