Treyarch eta Raven Software taldeak dabiltza garatzen. Ekainaren 9an aurkezpen berezia egingo dute, Xbox Games Showcase-aren ostean.

Call of Duty: Black Ops 6 iragarri dute Xboxek eta Activision-ek. Marketing kanpaina kriptikoarekin hasi dute promozioa, baina Xbox Wire webgunean datu argi bat eskaini dute: Xbox Game Pass harpidetzarekin jokatu ahalko dugu estreinatzen den unetik aurrera.

Zerbitzura iritsiko litzakeen lehen Call of Duty izango da, modu horretara, hainbat hilabete iraun duten zurrumurruen eta espekulazioen ondoren.

Oraindik, ordea, ezer gutxi dakigu bideojokoaren inguruan. “Egiak gezurra dio” izeneko bideoa argitaratu zuten atzo arduradunek, hezur haragizko aktoreekin; hori alboratuta, ez ditugu jokagarritasun irudiak edo bideoak ikusi.

Ekainaren 9ra bideratu gaituzte horretarako. Xbox Games Showcase aurkezpena jarraitu ahalko dugu egun horretan, eta, ostean, Call of Duty: Black Ops 6 Direct hasiko dute —orain arte “ezustekotzat” gordetzen zuten, nahiz eta aurkezpen berezia iragarrita zegoen—. 19:00etan hasiko litzateke zuzenekoa.

Black Ops 6 Treyarch eta Raven Software taldeak elkarrekin sortzen ari dira, aurrekoetan egin bezala. Zenbait iturriren arabera, garapen prozesua lau urtez luzatu da; alegia, azken urteotako CoD atalik landuenetakoa izan daiteke. Eskertzekoa izango litzateke Modern Warfare 3ren bertsio berriak eragindako kexen ondoren.

Call of Duty: Black Ops 6 Directera itxaron beharko dugu, aipatu modura, xehetasun guztiak ezagutzeko: ekainaren 9an ikusi ahalko da.