Bideojokoaren lehen gameplay bideoa aurkeztu dute. Lehen Black Opsen jarraipen zuzena izango da.
Joan den astean iragarri zuen Activisionek Call of Duty: Black Ops Cold War. Tiro jokoa azaroaren 13an estreinatuko da PC, PS4 eta Xbox Onerako. Belaunaldi berriak ere jasoko du Cold War: urte bukaerarako aurreikusita daude, kontsolak argitaratzen diren heinean.
Raven eta Treyarch garatzaileak ari dira bideojokoa prestatzen; bakoitzak atal bat garatuko du. Lehenengoak jokalari bakarrarentzako kanpainan lanean dihardu. Treyarch, berriz, multiplayerra eta zonbien joko mota arrakastatsua prestatzen ari da. Battle royale atalak Warzonekin jarraituko duela jakinarazi dute arduradunek.
80ko hamarkadako giroa izango du jokoak. Nola ez, gerra hotzean murgilduko dira jokalariak, baina Vietnamgo oihanak ere zapalduko dituzte Cold Warrera jokatzen dutenek flashback baten bidez. Bideojokoaren lehen gameplay bideoarekin eman du horren berri Activisionek.
Beste obra batzuekin gertatu modura, gaur egungo kontsoletarako Cold War erosten dutenek belaunaldi berrira jauzia emateko aukera edukiko dute. Horretarako belaunaldi arteko joko sorta erosi beharko da: Playstationerako zein Xboxerako kaleratu duten edizio digitalak ohiko jokoak baino 5 euro gehiago balio ditu.
Edizio fisikoaren berbera egin nahi dutenek zailtasun handiagoak biziko dituzte. Playstationen kasuan PS4ko edizio fisikoa erosten dutenek eguneraketa bat erosi beharko dute PS5erako; halere diskoen irakurgailua duen PS5a izan beharko dute, jokoa diskoa erabilita jokatu beharko baita.
Xbox Onerako edizio normala erosten dutenek ezingo dute Series Xn erabili, baina bi kontsoletako bertsioak batzen dituen edizio fisikoa jarriko dute salgai.
Gai horri buruzko informazio zehatza nahi dutenek Activisionek ireki duen galdera eta erantzunen webgunean aurkituko dituzte erantzun guztiak.
Iruzkinak