PC, PS5, Xbox Series, eta, lehenengoz, Switch 2 gailuetan kaleratuko du Activision-ek. Korean kokatuko da.
Activisionek Call of Duty: Modern Warfare 4 iragarri du. Infinity Ward taldea garatzen ari den tiro jokoa urriaren 23an kaleratuko da.
Trailer zinematiko ikusgarriarekin egin dute iragarpena: jokagarritasun irudi gutxi batzuk ere ageri dira bertan. Plataformak ere aditzera eman dituzte: PCan zein PlayStation 5, Xbox Series eta Switch 2 kontsoletan jokatu ahalko da CoD berrian.
Korean biziko ditugu tiroketak: Iparraldearen eta hegoaldearen arteko gatazka ageriko da, beti bezala, estatubatuarren armadak tartean sartuta ibiliko direlarik. Kanpaina modalitatean biziko ditugu jazoerak, hiru alderdi desberdinetatik: soldadu hegokorearrak zein iparkorearrak kontrolatzeaz gain, ohiko Price kapitainarekin ere ariko gara.
Multijokalari aukerak ere jakinarazi dituzte egileek. Mugimendu berriak, pertsonalizazio aukera gehiago, fisika errealistagoak eta estreinaldirako hamabi mapa desberdin agintzen dituzte, besteak beste. Gun Game izeneko joko mota ere bueltan da, ausazko armekin borrokatzea proposatuz.
Partida arruntekin batera DMZ modalitatea ikusiko dugu: ateratze tiro jokoan (extraction shooter) bilakatuko da MW4, bakarka zein taldeka jokatzera gonbidatuz. Teknologia militarra biltzen gabiltzan bitartean eguraldi dinamikoa, helburu aldakorrak, eta mapa erraldoitik uneoro mugimenduan ari diren etsaiak ikusiko ditugu. Ekainaren 7an informazio gehiago eskainiko dute DMZri buruz.
Urriaren 23an PC, PS5, Switch 2 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da Call of Duty: Modern Warfare 4.
Lander Unzueta
Iruzkinak