Bi ataletan ospatuko duten jaialdia prestatzen dabiltza: martxoaren 8an eta martxoaren 11n egingo dituzte.

Capcom japoniarrak etxeko bideojokoak aurkezteko ekimen berezia iragarri du. Capcom Highlights egitasmoan Dragon’s Dogma 2, Street Fighter 6, Monster Hunter Stories, Kunitsu-Gami: Path of the Goddess eta beste hainbat titulu elkartuko dituzte etorkizunera begira jartzeko.

Jaialdia bi ataletan banatuko dute: lehenengoa martxoaren 8an 00:00etan ikusi ahal izango dugu. Bigarrena, bestalde, martxoaren 11ko 23:00etan emango dute. Aurkezpen bakoitzaren iraupena 15-20 minutu bitartekoa izango dela diote japoniarrek.

Martxoaren 8ko zuzenekoaren protagonistak Kunitsu-Gami: Path of the Goddess eta Dragon’s Dogma 2 izango dira. Lehena gaur bertan ikusiko dugu Xbox Partner Preview aurkezpenean, beraz Redmond-ekoen ekimenean agertutakoak sakonago azaltzeko aprobetxatuko dutela pentsa dezakegu.

DD2, bestalde, martxoaren 22an kaleratuko da: dagoeneko jokoa sakon ikusteko aukera eduki dugu, baina falta den azken bokazioa ezagutzeko unea izango da. Horrez gain, Hideaki Itsuno zuzendariak adi ibiltzeko eskatu die zaleei.

Street Fighter 6, Monster Hunter Now, Exoprimal eta Monster Hunter Stories bilduko dituzte, bukatzeko, martxoaren 11n. Lehen hirurak argitaratutako jokoak izanik, hauen eguneratzeak eta berritasunak aurkeztera animatuko dira Capcomekoak. MH Stories, bukatzeko, orain egun batzuk Nintendo Direct Partner Showcase-an iragarritako birmasterizazioa da.