Monster Hunter, Resident Evil edo Dragon’s Dogma frankizien arduradunek ekimen propioa izango dute aurten ere.

Ekaineko aurkezpen handietako batzuk orain zenbait aste iragarri baziren ere, azken unean gehitzen dabiltzanak ere badaude. Capcomekoen kasua dugu: 2023ko Capcom Showcasea ekainaren 13an egingo dute japoniarrek.

Gauerdian, 00:00etan, emango diote hasiera ekitaldiari. 36 minutuko iraupena edukiko duela agindu dute arduradunek; ohi bezala, enpresaren YouTube katetik jarraitu ahalko dugu.

Bideojokoen aldetik, bestalde, susmoak baino ez ditugu. Erakutsiko dituzten tituluetako batzuk ez direla umeentzako aproposak izango da aipatu duten gauza bakarra.

Hori horrela izanik, hainbat hautagai ditugu, ezta? Resident Evil berriren bat —edo RE4 Remake-ren VR bertsioaren bideoa—, Monster Hunter, Onimusha… egia esan, Capcomekoen joko gehienak publiko helduarentzat zuzendutakoak dira.

Dragon’s Dogma 2 agertuko da ziurrenik, orain gutxi PlayStation Showcase-an lehen jokagarritasun bideoa erakutsi baitzuten. Exoprimal berriz ikustea espero da, uztailaren 14an kaleratuko dutela aprobetxatuz. Duela egun batzuk argitaratutako Street Fighter 6 arrakastatsuaren eduki gehigarriak aipatzea ere aurreikusten da, noski.

Aurkezpen berezia izango dela dakigu, hori bai; izan ere, enpresa japoniarrak 40. urteurrena ospatuko du aurten, eta hori hainbat jarduerekin batera egingo dute: Showcasea horien artean dagoela azpimarratu dute.

Horrez gain, aurkezpenaren egun berean Capcom Town museo birtualaren ateak irekiko dituzte: Street Fighter, Mega Man zein Captain Commando bezalako jokoen sortzaileen ibilbidea omentzeko webgunea izango da.

 

Aurkezpenak barra-barra

Esan bezala, ekaina aurkezpenen hilabetea da bideojokozaleontzat. Aste honetatik aurrera Summer Game Fest, Xbox Games Showcase, Devolver Direct, PC Gaming Show, Ubisoft Forward nahiz beste hainbat ekimen jarraitzeko aukera izango dugu.

Aurkezpenon zerrenda osoa prestatu dugu gure webgunean: bertan ekitaldi bakoitzaren ordutegiak zein informazio orokorra aurkituko duzue.

Horrez gain, zelan ez, Game Erauntsiatik hainbat zuzenekoren jarraipena egingo dugu gure Twitch katetik; oraingoz Xboxekoen eta Starfield-en aurkezpenak jarraitzeko asmoa dugu, baina gure sare sozialetatik abisatzen joango gara!