Onimusha 2: Samurai’s Destiny birmasterizatuko dute. Marvel vs. Capcom Fighting Collection: Arcade Classics Xbox-en kaleratuko da ustekabean.

Capcom Spotlight aurkezpena jarraitzeko aukera eduki dugu. Orokorrean ez da albiste handirik azaleratzen duen ekitaldia, baina oraingoan ezusteko ugari hartu ditugu: Onimusha, Monster Hunter Wilds zein hainbat borroka joko klasiko elkartu dituzte japoniarrek, besteak beste.

Abenduan iragarritako Onimusha: Way of the Sword-i buruz gabiltzala dirudi, baina ez da horrela —nahiz eta ekitalditik igaro zen—. Onimusha 2: Samurai’s Destiny berrargitaratuko dutela ezagutzera eman zuten Capcomekoek: birmasterizazioa aurten estreinatuko da PlayStation, Xbox, Switch zein PC gailuetan.

Jubei Yagyu samuraian bilatuko gara berriz —aurpegia ezaguna baldin bazaizue, Matsuda Yusaku aktorearena da; One Piece manganimeko Aokiji sortzerakoan Yusaku izan zen inspirazio iturria, baita—. dozenaka deabruri eta yokai-ri aurre egiteko. Birjokagarritasuna ardatz duen abentura motz bezain interesgarria da Onimusha 2: adiskideei eskainitako laguntzaren arabera abentura nabarmen aldatu daiteke.

Bestalde, otsailaren 28an kaleratuko den Monster Hunter Wilds irrikatuaren xehetasun berriak eskaini dituzte japoniarrek. Bideoan Nerscylla edo Gore Magala munstroen itzulera ikusi dugu, izoztutako kokaleku berrian barneratzeaz gain. PCko jokalarien pozerako, benchmark tresna gaurkotua argitaratu dute: dirudienez, errendimendua hobetzeko lanean aritu dira arduradunak.

Are berritasun gehiago datoz MHrentzat: bigarren beta probaldiak bi saio edukiko ditu. Otsailaren 7tik 10era, eta, ostean, 14tik 17ra bitartean berriz probatzeko aukera egongo da, estreinaldirako prestatzen joateko.

Capcomen borroka joko klasikoak izan dira Spotlighteko beste izarretako bat. Alde batetik, Capcom Fighting Collection 2 maiatzaren 16an PlayStation, Xbox, Switch eta PC plataformetan argitaratuko dela baieztatu digute.

Bilduma benetan interesgarria da: Capcom vs. SNK: Millennium Fight 2000 Pro, Capcom vs. SNK 2: Mark of the Millennium 2001, Capcom Fighting Evolution, Street Fighter Alpha 3 Upper, Project Justice, Power Stone, Power Stone 2 eta Plasma Sword: Nightmare of Bilstein jokatuko ditugu bertan online ezaugarriekin —rollback netcode barne—, entrenatzeko aukerak, arte zein musika galeriak eta hainbat berritasun ekarriko dituzte. Borroka eztanda egitear dago!

Beste aldetik, aurreko Marvel vs. Capcom Fighting Collection: Arcade Classics Xbox kontsoletan merkaturatu dute ustekabean. X-Men: Childrem of the Atom, Marvel Super Heroes, Marvel vs. Capcom: Clash of Super Heroes, Marvel vs. Capcom 2: New Age of Heroes, Marvel Super Heroes vs. Street Fighter, X-Men vs. Street Fighter eta The Punisher jokoen bilduma iaz iritsi zen PlayStation, Switch eta PC gailuetara.