Ipuinaren itzalek zerbait ezkutatzen dute.

Bazen behin…

Aspaldi galdutako baso baten itzalpean…

Hala hasten da Bastinus Rex garatzaileak bakarka sortutako Carimara: Beneath the forlorn limbs. Normandiar folklorean oinarritutako bideojoko honetan, carimara baten rola hartu beharko dugu. Carimara honek, azti baten antzekoa dena, berezitasun bat du: ezin du hitz egin, eta bere komunikazio era karten bitartekoa da. Aztiak itxura susmagarriko emakume zahar bati lagundu behar dio. Bere etxearen sotoan mamu bat bizi da, eta, bere funtzioa, mamu horretaz libratzea izango da. Bideojokoan “forlore” bezala izendatzen da.  

Carimara: Beneath the forlorn limbs fantasia iluneko ipuin bat bezala antolatuta dago. Jorratzen duen fantasia ez da epikoa, baizik eta tokikoagoa. Nahiz eta alegiazko elementuak egon, planteatutako egoera mundu horretan gerta daitekeen eguneroko kontu bat da. Giro arraroa eta deserosoa du, eta, ipuinak bezala, iraupen gutxiko bideojokoa da, ordu edo ordu t'erdian amaitu daitekeena.

Mugikorreko bideojokoak egiten zituen enpresa batean lan egiten zuen garatzaile batentzat hau aldaketa handia da. Bere esanetan, nahiz eta esperientzia aberasgarria izan, ez zen bere irudimenerako oso bizigarria (Smith, 2025). Eta, agian, horregatik, bere proiektu pertsonala sortzera abiatu zen. Bastinus Rex-ek bideojoko industriaren alde batetik, alde guztiz kontrakora joan zen. 

Bideojoko hau Critical Reflex argitaratzaile independentearen eskutik dator. Azken bi urte hauetan Arctic Eggs, Mouthwashing edo Buckshot Roulette bezalako bideojokoak argitaratzeagatik ospea lortzen joan da. Duela gutxi ere No, I’m not a Human bideojokoa argitaratu zuten, bideo euskarrien eremuan (Youtube, Twitch) oihartzuna izan duena. Orokorrean, editatzen dituzten bideojokoak beldurrera jotzen duten lanak dira, atal bisual, trama eta giro oso bereziekin. 

Noski, Carimara: Beneath the forlorn limbs ez da atzean geratzen, eta, agian, lehenengo begirada batean gehien nabarmentzen dena bere estilo artistikoa da. Hain modan dagoen lehenengo PlayStation kontsolaren bideojokoen itxurara hurbiltzen da, baina argazki errealak 3D objektuen testurak dira, eta, kolore ilun zein hilekin batera, giro bitxia eta nahiko bereizgarria lortzen du.

Estilo hain arraro honek bere kontrara egin dezake, ez delako agian oso erakargarria, eta, horregatik, jokalari asko uxa ditzake. Hala eta guztiz ere, esango nuke atal bisuala eta narratiba beti lotuta egon behar direla. Irudia ez da batere garbia: ibili ahala, ingurua etengabe mugitzen ari den efektua egiten du, eta kolore tonuen kontraste ezak ia monokromiara hurbiltzen du. Elementu horiek guztiek modu bikainean beldurrezko ukituak dituen fantasiazko ipuin ilun batean egotearen efektua sortzen dute. 

Esan bezala, gu carimara bat gara, eta helburu nagusia sotoan dagoen mamua aldentzea edo desagerraraztea da. Horretarako, mamu-forlore honek hiru galdera egingo dizkigu, eta era zuzenean erantzun gero, zerbait gertatuko da. 

Erantzun zuzenak aurkitzeko giroa ikertzea ezinbestekoa da. Carimarak elementu interesgarriak ikuskatzeko gai da, bat aurkitzean klik eginez elementu hori karta batean bihurtzen da. Elementuak bi motatakoak izan daitezke: pertsonaiak eta objektuak. Adibidez, andre zaharra karta batean bihur dezakegu, baina ez da literalki eraldatzen, bere kontzeptua da hartzen duguna. Fenomeno hau gauzatzeak ez die pertsonaiei ezta objektuei zuzenean eragiten. Kartak pentsamenduak izango balira bezala irudikatzen dira. Pertsona edo objektu bat ez badugu ezagutzen, ez dugu gure buruan edo oroimenean izango. Baina ezagutzen edo ikusten dugun momentuan, guk gure buruan pertsona edo objektu horren irudi bat eraikiko dugu. Espero ulertu izana, hala ere, jolastean mekanika hau oso erraz harrapatzen da. 

Karta hauen bitartez inguruarekin interakzioa gauzatu daiteke. Bideojoko oso laburra denez, ez ditut interakzio mota hauek azalduko, baina karta hauekin egin daitekeen ohiko ekintza bat galdetzea da. Adibidez, andre zaharrarekin hitz egitean pantailaren beheko aldean kartak agertuko dira. Bat hautatzean pertsonaia susmagarri honek karta horrekin erlazionatutako zerbait esango du, aztiak (carimara) objektu edo pertsonaia horri buruz galdetuko balu bezala.

Dinamika honen bidez, mamu edo entitate horrek planteatzen dituen galderei erantzun zuzena bilatu beharko diegu. Horretarako, aipatu den bezala, ingurua ikertzen eta pertsonaiei galdetzen joan beharko gara, erantzunak ditugula pentsatu arte. Bideojokoak ez duelako hori baieztatuko. 

Bastinus Rex-ek garatutako lanaren erabaki burutsu bat, bideojokoak itxuraz dirudienarekin jolastea da. Hau da, deskribatutako estilo bisual bereziak eta emakume zaharrarekiko senti daitekeen susmoak jokalariarengan itxaropen zehatz batzuk sortu ditzakete. Baina esploratu eta ikertu ahala, istorioa espero ez den norabide interesgarri batera abiatzen da. Gehiegi ez azaltzeko, hemen geratuko naiz. 

Nahiz eta lokalizazio txiki batean girotu, esplorazioa era nahiko egokian planteatuta dago. Lehenengo begirada batean blokeatuta dauden leku batzuk, informazio edo pista bisual aproposekin erraz zeharkatu daitezke, gune berrietara helduz eta ikerketaren gakoan bilakatuz. 

Kasu batzuetan ez dira karta zehatzak behar. Klabea giroa ondo behatzea da. 

Giro eta ikerketa misteriotsu honek bere sekretuekin ere badator. Eta horietako batzuk istorio nagusitik haratago doaz. Idazten ari naizen momentuan, nahiz eta forlorearen misterioa konpondu, badago leku sekretu bat esploratu ez dudana. Ez dut jakin leku horretara nola sartu, baina horrek bideojokoak izan dezakeen birjokagarritasuna erakusten du.  

Carimara: Beneath the forlorn limbs atal artistiko, istorio, giro eta mekanika originalak eta interesgarriak ditu. Uste dut ezin zaiola bideojoko bati gehiago eskatu. Giro esoterikoko eta misteriotsuko fantasiazko ipuinen esentzia modu eraginkorrean helarazten daki eta esperientzia laburra kapitulu batekin konparatu daiteke. Eta hala da garatzailearen asmoa. Bideojokoa harrera ona badu, unibertso, pertsonaia edo giro honetan oinarritutako bideojoko gehiago garatzea pentsatuta du. Horregatik zuek ez pentsatu gehiegi eta Steam denda digitalean erosi, bost euroren truke baino ez.