2.5D estiloko abentura guztiz berria aurten estreinatuko da kontsoletan zein ordenagailuetan.
Castlevania: Belmont’s Curse berriz aurkeztera igaro dira Evil Empire taldea eta Konami argitaletxea. Belmont ehiztari berria, Paris zein Drakularen gaztelua eta bertan ageriko diren buruzagiak izan dira ardatz The Triple-i Initiative egitasmoan.
Otsaileko State of Play emanaldian ikusitakoetan sakondu dute egileek. 1499. urteko Paris bisitatutako dugu Castlevania abentura guztiz berrian: hiriko kaleak, teilatuak zein katakonbak, eta, nola ez, gaztelu erraldoia zehartu beharko ditu Trevor Belmont banpiro ehiztariaren oinordekoak.
Dead Cells arrakastatsuaren arduradunak izanik, askok roguelike erako plataforma eta akzio abentura espero zuten, baina ez da horrela izango. Elkarrizketan aipatzen denez, Castlevania III: Dracula’s Curse atala hartu dute oinarri Belmont’s Curse eratzerakoan: hori horrela, maila labirintiko eta erraldoiak aurkituko ditugu oraingoan. Borroken aldetik, Super Castlevania IV aipatzen dute arduradunek.
Bertikaltasunak eta plataformek garrantzia handia izango omen dute oraingoan; izan ere, esploratzerakoan Belmonten zigorraz baliatuko gara, baita protagonistak lortuko dituen botereez ere, salto egiten zein kulunkatzen ibiltzeko.
Arerioei dagokienez, sagako ohiko munstroak eta izakiak aurkituko dituzte jokalariek, baina etsai berriak ere gehituko dira. Parisen girotuta egonik, eta garatzaileak frantsesak izanik, herrialdeko kondairak eta mitologia kontuan hartuko dituzte: adibidez, Joana Arc-ekoaren aurka egingo dugu borroka ikusgarri batean.
Aspaldi galdutako Castlevaniaren itzulera handia izango dela dirudi. Evil Empire ez dago bakarrik, gainera: Motion Twin taldearen —Dead Cellsen beste arduradunak, alegia— nahiz Konami-ko japoniarren aholkularitza jasotzen dabiltza Castlevania: Belmont’s Curse garatzerakoan.
Aurten jokatu ahalko da, dena ondo badoa, PlayStation 5, Switch zein Xbox Series kontsoletan eta ordenagailuetan.
Lander Unzueta
Iruzkinak