Plataforma guztien arteko jokoa ahalbideratuko dute Erdi Aroan oinarritutako akziozko joko honetan.

Chivalry arrakastatsuaren jarraipena uda honetan PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta PCrako helduko dela iragarri dute Torn Banner Studiosek eta Tripwire Interactivek. Zehazki, Chivalry 2 ekainaren 8an estreinatuko da.

2019ko PC Gaming Showean aurkeztutako akziozko jokoak lehen obran ikusitakoa hobetzeko asmoarekin dator. Bertan 64 jokalarik Erdi Aroko zaldunen kontrola hartuko dute elkarren artean borrokaldi latzetan aritzeko. Jatorriz joan den urtean argitaratzeko asmoa zuten arren, pandemiak Chivalry 2 atzeratzera eraman ditu arduradunak.

Dena dela, geroratzeak hasiera batean DLC bezala aurreikusitako ezaugarri eta mapa gehiago gehitzeko balioko diela adierazi dute garatzaileek.

PCaren kasuan, Epic Games Storen bidez estreinatuko da esklusiboki; jokoa erreserbatzen dutenek martxoaren 26tik 29ra bitartean beta itxian parte hartu dezakete.

Behin argitaratutakoan ordenagailuetan jokatzen dutenek kontsoletako jokalariekin batera aritzeko aukera izango dute, multijokalarira zuzendutako lanak plataformen arteko jokoa ahalbidetuko baitu.