Chorus espazio ontzi abentura berezia da, izar sistema batean zehar hainbat misio egitera eramango gaituena. Pisu narratibo handiko kontakizuna da, baina, aldi berean, espazio ontzi barruan goazela akzio franko bizitzera eramango gaitu.

 

Iragan ilun batetik ihesi

Istorio hasieratik dator apurketa, Nara izeneko pertsonaia nagusiak espazioan gertatzen ari den gudan bere bandoa utziko du, eta garai batez desagertzea erabakiko du. Nara, Naran izenaz ere ezaguna dena, ez da edonor utzi duen armada horretan: Zirkulua deritzon taldeko nagusietako bat da, Profetaren azpitik soilik dagoena. Emakumeak botere itzelak dauzka, Erritu moduan ezagutzen direnak, baina horiei uko egiten die Zirkulua uztean. Gertakizun latz batek atzerantz begiratu barik beste bide bat hartzea eskatzen dio, eta hala egiten du.

 

Gure izar sistemaren bazter-bazterrean kokatutako gunean hasiko dugu abentura, badago eraikin interesgarriren bat han-hemenka.

 

Jadanik urteak pasa dira Zirkulua utzi zuenetik, eta ezkutatuta ibili da. Ez du ahaztu berak utzitako kultuak haien taldekoak ez ziren guztiak heretikotzat hartzen zituela, eta, beraz, suntsitu egiten zituela. Teknologia handiko espazio ontzia erabiliz, Zirkulua garaitzea edo zuzentzea hartuko du helburutzat.

Olgetan hasi eta gutxira, espazio ontzia kontrolatzen ikasiko dugu, orokorrean kontrol ulergarriak dira, baina ontzia maneiatzerakoan aukera handiak eskaintzen ditu ontziak: erasoak saihesteko akrobaziak egin ditzake, daraman inertziaz baliatu eta norabidea alda dezake, azkar joateko gai da, eta zenbait kasutan are bizkorrago, distantzia handiak erraz egiteko.

 

Espazioko borrokak sinpleak, azkarrak eta entretenigarriak iruditu zaizkit.

 

Abentura espazio ontzi bidez bizi dugun mundu aske legez aurkezten da. Istorio nagusian aurrera joan ahala, izar sistemaren atalak ezagutzen joango gara, bakoitza bere estetikarekin eta maparekin. Parte bakoitzak bere estiloa dauka, eta entretenigarriak begitandu zaizkit, kasu pare batean harritu ere egin naute, zentzu onean.

Lehen mailako misioren bat izango dugu beti egiteke, baina bitartean bigarren mailako misioak aurki ditzakegu. Horrez gain, batzuetan ausaz agertzen diren misio txikiak era badaude, helburu ofizialtzat hartzen ez diren zeregin txikiak direnak.

 

Erritu izeneko botereak lortzeko tenpluetan ere, gure metrailadoreak erabiliz, etsaiei egurra eman beharko diegu.

 

Punta-puntako armamentu eta botereak gure eskura

Hiru arma mota nagusi egongo dira erabilgai: metrailadoreak, laser izpiak eta misilak. Metrailadoreak oinarrizko armak dira, orokorrean eraso jario ona dute eta errazen maneiatu ohi dira. Laser izpiak ezin dira hain sarri jaurti, baina etsaien ezkutuak indargabetzeko eraginkorrenak dira. Amaitzeko, misilak apartak dira etsai blindatuak suntsitzeko.

Arma mota bakoitzean modelo ezberdinak lortzen joango gara, lantzean behin misioen sari moduan, eta, beste batzuetan, dendan erosiz, baina, kontuz, hauetako batzuk oso karuak baitira. Arma ez den arren, oso erabilgarria den espazio ontzia konpontzeko gailua dago. Jasotako kalteak osatzeko bikaina da, baina denbora nahikotxo behar du berriz erabili ahal izateko, gure ontzia ondo jagon beharko dugu hortaz.

 

Izar sistemako toki hotzenak ere bisitatuko ditugu, luzaroan inork lortu ez dituen informazio eta ahalmen galduak geureganatzeko.

 

Arestian esan bezala, Nara Zirkuluko eliteko gudarietako bat zen, ia botere gorena erdietsi zuena. Abenturan zehar iraganean arbuiatutako Errituak berreskuratzen joango da. Botere hauek jostagarritasunaren alde erabilgarria eta entretenigarria betetzen dute. Lehen Errituak adibidez, objektuak, etsaiak eta bestelako informazioa errazago topatzeko balioko digu. Bigarrenak, Ehizaren Erritua deritzonak, etsaien atzealdera teleportatuko gaitu. Bai, badakit, jokoa zeharo errazten duela ematen du, eta, hala da, baina “arerioak ehizatzen” une ederrak bizi izan ditut.

Istorio nagusian aurrera joan ahala izar sistemaren atalak ezagutzen joango gara.

Misioen aniztasuna zuzena dela deritzot, zenbait zeregin errepikatu egiten dira, baina, orokorrean, jokalariaren arreta mantentzeko gai den lana dela pentsatzen dut. Borroka nahikotxo dago, abilezia jakinen bat menperatzea eskatzen duten tenpluak, eta bestelako ezustekoren bat. Aipagarria deritzot une gutxi batzuetan espazio ontzi motaz aldatzen dugula, eraso ahalmen handiko ontzi geldoak kontrolatzeko.

 

Batzuetan suntsipen ahalmen oso handiko espazio ontziak ere maneiatuko ditugo, askoz astiroago mugitzen direnak.

 

Istorioa astiro askatzen doan marapiloa da, hari nagusiak ez dit aparteko gidoi-iraulaldi handirik eman, baina egon da espero ez nuen gertakizun interesgarriren bat edo beste. Nire ustez, garrantzitsuak diren pertsonaiek esku hartze handiagoa izan beharko lukete istorioan, eta halako gehiago egon beharko lirateke ,baina ziurrenik jokoa AA edo “A bikoitza" deritzoten tamainako proiektua delako izango da. Hots, gauza batzuetarako maila ona erakusten duen arren, ekoizpen handien pareko aurrekontua ez duen horietako bat.

Hiru arma mota nagusi egongo dira erabilgai: metrailadoreak, laser izpiak eta misilak.

Baina ez iezadazu txarto ulertu, joko oso duin eta borobila dela irizten dut, oso ondo pasatu dut. Behar nuen hori asebete dit: jokalari bakarrarentzako espazio ontzi abentura bat, Internetik gabe joka nezakeena eta kontakizuna ardatz zeukana.

 

Misilak osasun neurgailu laranjaz adierazitako etsai blindatuak suntsitzeko erabilgarrienak dira, hauen ezkutuak indargabetu ostean, noski.

 

Hala ere, badaude nire arreta bereganatu duten zenbait gauza negatibo. Pertsonaien kopuruarekin eta parte-hartzearekin lotuta, hauen erretratuena dago. Pertsonaia gutxi batzuek erretratu propioa daukate, hitz egiten dutenean agertzen den hori, baina horiek oso gutxi dira. Beste pertsonaia guztiak hiru mota desberdineko erretratuak erabiliz adierazten dituzte: Zirkuluko kidearen kaskoa, Erresistentziako kidearen kaskoa eta Espazioko Piraten kidearen kaskoa. Segur aski aurrekontu arrazoiengatik izango da hau ere bai, baina istorioarekiko bizi dudan murgiltzea apur bat amatatu duela esango nuke.

Abenturan zehar iraganean arbuiatutako Errituak berreskuratzen joango da. Botere hauek jostagarritasunaren alde erabilgarri eta entretenigarria betetzen dute.

Beste gabezia bat teknikoagoa izan da, bigarren mailako misioak aukeratzearena. Batzuetan jokoak lehen mailako misioa egitea nahi du, eta, egin daitekeen arren, ez dizu bigarren mailakoak egitea erraz jartzen. Misioen menuan horrelako zereginak aukeratzen utzi ez eta markagailurik gabe egin behar izan ditut, beste batzuetan mapan markagailua eskuz jarriz, saihesgarria den arazo bat lez akordatzen naiz horretaz.

 

Zenbait kasutan espazioko fenomeno ikusgarri batzuen lekuko izango gara.

 

Kritikekin amaitzeko, gordetze ikonoarena dago, badakit, memelokeria bat dirudi, baina hor dago. Jokoak ez du oso argi adierazten noiz gordetzen duen misio baten garapena. Gertatu zait misio luze bat erdibidean utzi behar izana eta itzultzerakoan uste nuena baino hasieratik askoz hurrenago hasi beharra. Hori dela eta, misioak erabat bukatzean geratzen nintzen lasaiago, hurrengoan nondik hasi beharko nukeen zalantzetan jausi barik.

Analisia zarratzeko, joko dotore nahiz gustagarria begitantzen zaidala esan nahi dut. Istorio nahiko interesgarria, grafikoki ederra, jostagarritasun aldetik jariakorra eta iraupen esparru zuzenekoa. Mundu askeko espazio ontzi joko duin bat probatzeko gura sentitzekotan hautagai gomendagarria dugu Chorus. Hamalau ordu inguru irauten du oinarrizko istorioak eta lau ordu gehiago bigarren mailako misio guztiak egiten baditugu. Egun Steam saltokian jokalarien aldetik jasotako iruzkinen % 82 positiboak dira.