Komunitatearen sorkuntzak zehaztu gabeko egun batean iritsiko dira, mapen editorea prest dagoenean.

Cities: Skylines IIren zain dauden jokalariek kolpe latza jaso dute. Izan ere, Paradox Interactive-ko arduradunek moden euskarririk gabe kaleratuko dutela zehaztu dute. Eraikuntza eta hiri kudeaketa bideojokoa datorren astean argitaratuko dute.

Are gehiago, moden euskarria argitaratze egunik gabe geratu da. Sortzaileek aurretik mapen editore erraldoia prestatzen bukatu gura dute; jokalariek hortik abiatuta sortuko dituzte euren eraldaketak. Izan ere, prestatu duten blogeko artikuluan mapak nahiz eraikinak edo bestelako elementuak sortzeko editorea izango dela iragarri dute sortzaileek.

Une honetan beta fasean aurkitzen da editorea. Mod nahiz baliabide sortzaile beteranoekin elkarlanean dabiltzala azpimarratu dute, ahalik eta tresna anitzena zein erabilgarriena sortzeko.

Datozen hilabeteetan editorea kaleratuko dutela diote ibilbide orri ofizialean; horren ostean baliabide mota gehiago onartuko dituen editorearentzako eguneraketa eta jokalarien feedbackari jaramon egindako zuzenketak eta berritasunak etorriko dira.

Horrela, tituluaren indargunerik handienetakoa gabe helduko da saltokietara. Bideojoko originalak ehundaka mod jaso zituen jokalarien aldetik, denetariko ezaugarriak inplementatuz: eraikin ezagunak zein generikoak, errepideak, argiak edo hiriak apaintzeko elementuak jaitsi daitezke Steam Workshop tresnaren bidez.

Cities Skylines II urriaren 24an estreinatuko da, oraingoz PCan bakarrik. PlayStation 5eko zein Xbox Series-etako bertsioak egun berean kaleratzea zen asmoa, baina Paradoxekoek atzeratu egin dituzte: 2024ko udan merkaturatuko dituztela adierazi zuten orain egun batzuk.