Egurrezko espiritua gidatu beharko da 2D plataforma abenturan. PCan estreinatuko da.

Extremely OK Games estudioak City of None aurkeztu du. 2027an estreinatuko den indie abentura izango da.

Hiri erraldoia bi dimentsiotan esploratzera eramango ditu jokalariak. Protagonista egurrezko gorputza duen espiritu misteriotsua da: usteltzera utzia, hiria ustiatzen dabiltzan baroi boteretsuen aurka egingo du.

Aurkezpen bideoa ikusita, Hollow Knight bezalakoekin antzekotasun handiak dituen indie ederraren aurrean gaudela ikus dezakegu. Kolore paleta mugatuarekin —Game Boy klasikoaren pantaila gogora ekar dezake hainbat iruditan— jauzika eta esploratzen ariko gara. Borrokentzako tokia ere egongo dela dirudi: plataformak zein kolpeak indartzeko eta aldatzeko objektuak nahiz abileziak eskuratuko ditu bidean gure protagonistak.

Estetika goibela eta iluna zutabeetako bat bada ere, bidean etsaiak eta lagunak ezagutuko ditugula diote egileek. Tren bidez bost barruti bisitatu ahalko direla aipatzen da prentsa oharrean. Webgune ofizialean, gainera, lehen doinuak entzun ditzakegu.

Garatzaile taldean Noel Berry aurkitzen da: Celeste sarituaren sortzaileetako bat, alegia. Liam Berry nebarekin batera garatzen ari da City of None; eurekin batera dago Quinne Larsen artista.

PCan ikusiko dugu, printzipioz; aipatu modura, Extremely OK Gamesek 2027an estreinatzeko asmoa dauka.