Ez du zehaztu zazpigarren atala izango den edo X4 estrategia jokoen spin-off batean lanean ari diren.

Firaxis Gamesek eta 2K Games argitaletxeak jakitera eman dutenez, Civilization berriaren garapen prozesua hasi dute. Iragarpena mezu xume baten bidez zabaldu dute beren sare sozialen bitartez.

Albisteak ez ditu zaleak harrituko: Sid Meier’s Civilization VI 2016. urtean kaleratuta, bazen jarraipenaren berri izateko garaia. Hori bai, Firaxisko arduradunek ez dute zehaztu zazpigarren atala ote den garatzen dabiltzana: aurretik ere Civ joko nagusiengandik urrundu diren tituluak ikusi ditugu —Beyond Earth, adibidez—, beraz agian antzeko kasuaren aurrean gaude.

Prentsa oharrean adierazten dutenez, Ed Beach sortzaileak errepikatuko du berriz sormen zuzendari lanetan: Beachek Civ VI-n rol berbera bete zuen, aurretik frankizia ezagunean hamabost urtez lan egin ondoren. Seigarren atala ez zen aurrekoaren parera iritsi zaleen zein prentsaren begietan; hala ere balorazio positiboak lortu zituen, eta espantsioekin are gehiago borobildu zuten Firaxiskoek.

 

Aldaketa handiak Firaxisen

Civilization berriaren iragarpena zaleentzako albiste txarrekin batera egin dute estudioko arduradunek. Taldeak nagusi berria dauka: Epic Games eta PopCap Games estudioetatik igarotako Heather Hazen. Hazenek Steve Martin ezagunaren lekua hartu du. Izan ere, Martinek Firaxis utzi du taldean 25 urte baino gehiago eraman ondoren.

Ez hori bakarrik: Jake Solomon XCOM berrien arduradun nagusiak ere alde egingo duela jakitera eman du. Taldean bi hamarkada eman ondoren hartu du erabakia; bera izan da XCOM frankiziaren berpizkundearen arrazoi esanguratsuenetakoa.

Marvel’s Midnight Suns izan da Solomonek Firaxisekin garatutako azken bideojokoa: “Atal berrian murgilduko naiz, baina nire ametsak betetzen laguntzeagatik esker oneko nago Firaxisekin”.