Urteak neramatzan argitaratu berria den joko bat erosi gabe, eta, kasu honetan, bete-betean jo dudala uste dut. Apartekoa iruditu zait. Bideojokoaren atal gutxi batzuen gainean arituko naiz soilik. Nire gomendioa, zuk zeuk proba dezazula da. Clair Obscur: Expedition 33 jokoak abentura epikoa proposatzen du, txandakako borroka sistema erabiliz.
Margolaria garaitzeko bidaia luzea
Abiapuntua nahiko bitxia da: jendea Lumière deritzon irla batean bizi da. Irla kupula batek babestuta dago, eta Nevron izeneko izaki arriskutsuak ez dira bertan sartzen.
Hala ere, biztanleriak "Ezabapena" (Gommage) izeneko fenomenoa pairatzen du, 33 urte dauzkatenean hil egiten dira hiritarrak. Haustura izeneko gertakizunaren ondoren, Lumière kontinentetik banandu zen. Kontinentean Margolaria esaten dioten emakume erraldoia dago, hiritarren aburuz pairatzen dituzten gaizkien erantzulea dena. Irlako hiritik ikus daitekeen emakume erraldoia burumakur dago, eta ileek bere bisaia estaltzen dute. Bere atzean, monolito erraldoi bat, urtez urte zenbakiak beherantz kontatzen dituena.
Hasieran, urrun-urrunean ikusiko dugu Margolari erraldoia, baina beranduago, are hurbilagotik.
Abentura hastean 34 zenbakia izango du monolito handi-handiak eta hori 33ra jaistean, protagonistak eta beste hainbat lagunek 33. espedizioa hasiko dute, itsasontziz. Beraien bizitzako azken urtea kontinenteko Margolaria akabatzen saiatzeko erabili nahi baitute, Ezabapena izeneko sorginkeria amai dadin.
Txandakako borroka, baina oso dinamikoa
Borroka sistema interesgarria begitandu zait. Onartuko dut istorioan aurrera egiteko beharrezkoa dena baino gehiago ibili naizela borrokan. Pertsonaia guztiek dauzkate hainbat aukera: eraso arrunta egin dezakete, arerioa tirokatu, abilezia bereziak erabili, objektuak erabili eta beste zenbait ekintza. Jokoak karga sistema bat dauka, pertsonaiek kargak pilatzen dituzte erasotzerakoan edo etsaien erasoak geldiaraztean, erasoak saihesterakoan ez dute normalean horrelakorik jasotzen. Pilatutako kargak abilezia berezietarako erabil daitezke, edo etsaiak hainbat aldiz tirokatzeko.
Borroka sistema berritasun interesgarriak gehituz doan prozesu entretenigarria da.
Aipatutako saiheste eta eraso geldiketen sistemak badauka mamirik. Erasoak gelditzeak karga erabilgarriak pilatzen dizkigu eta oso ondo gelditzekotan pertsonaiek kontraerasoak egiten dituzte automatikoki, etsaiaren txanda izan arren. Arerioen eraso geldiketen denbora esparrua nahiko laburra da eta egoera arriskutsuetan erasoak ekiditzea hauta dezakegu, saihesteko epe luzeagoa daukatenez hori ez baita hain arriskutsua.
Protagonistak eta beste hainbat lagunek 33. espedizioa hasiko dute, itsasontziz.
Pertsonaia bakoitzak hainbat abilezia ikasiko ditu, baina hauetako sei hautatu beharko ditu borrokan parte hartzeko. Horrez gain, elementu eta ezaugarri anitzeko armak lortuko ditu pertsonaia bakoitzak. Bukatzeko, Picto-en eta Lumin-en arloa daukagu, pertsonaiei ezaugarri gehigarriak ezartzeko sistema interesgarria.
Borrokatzerakoan zeinbat aukera dauzkagu, zailtasunen aurrean hainbat irtenbide posible baimenduz.
Interesgarria iruditu zait, borroka sistemaren ezaugarri bitxi bat. Hiru pertsonaia eraman ditzakegu borrokara, baina horiek porrot egiten badute, eta, oraindik beste pertsonaiaren bat badaukagu, azken horiekin ere saiatzeko aukera eskaintzen digu jokoak.
Oso ondo zaindutako ukituz jositako maila artistikoa
Jokoaren alderdi estetikoa ere goraipatu nahi dut. Lehenik, musikak hasieratik inguratu nauela sentitu izan dut. Kontakizunarekin bat egiten du eta bere ingurumarietan murgilarazten zaitu. Egunean zehar berriz entzuteko gogoak piztu dizkidaten abestiak dauzka.
Irudiari dagokionez, ederra dela pentsatzen dut, etsai nagusiren bat maila berean eginda ez dagoela iruditu zaidan arren. Jokoaren hainbat osagaik marrazketa eta margolarien munduko kontzeptuak darabiltza eta jokalariak laster antzemango du hari artistikoa. Pertsonaien aurpegiak eta jantziak, bisitatutako tokiak, arerioen diseinuak… orokorrean mundu interesgarri bat sortu eta dagokion izaera ematen jakin izan dute.
Espedizioak bisitatu beharreko lekuen artean, benetan ederrak diren batzuk aurkitu ditugu.
Eta, artearen atalean aipatu ohi ez dudan arren, kasu honetan, idazlearen lanarekin lotu nahi dut atal hau. Kontatzen den istorioa konplexuago bilakatzen doa eta zertzeladak ematen dizkiguten arren, azkenerako uzten dute azalpen nagusia. Aukeratutako artea eta istorioa kontatzeko hautatu duten prozesua ondo josi dituztela deritzot.
Nire iritzi apalean, bikaina
28 ordu inguru irauten duela irakurri dut, nik 35 behar izan ditut, bigarren mailako zeregin gutxi batzuk eginda. Orokorrean, ondo bildutako bideojokoa dela uste dut, atal gehienetan emaitza duina emateko gai den horietakoa. Jakin mina eta denbora nahikoa duen norbaiti proposatzeko erronka ezin hobea da. Steameko erabiltzaileen arabera % 95 da iruzkin positiboen ehunekoa oraintxe bertan, baina ez egin jaramonik horri; erosi, jokatu eta idatzi zure iritzia iruzkinetan.
Iruzkinak