80. hamarkadan 8-bitsen ordenagailuen mundua iraultzea lortu zuen gailu txiki, merke eta boteretsua sortuta.
Sir Clive Sinclair ( Ingalaterra, 81 urte) informatikoa eta ingeniaria zendu da gaixotasun luze baten ondorioz. Informatikan eta baita bideo-jokoen mundua etxe guztietara iristea lortu zuen pertsonarik esanguratsuenetakoa izan zen, batez ere bere ZX Spectrum mikroordenagailuaren arrakastarengatik.
Berria The Guardian agerkariak eman zuen atzo arratsaldean. Sinclair Radionics enpresa eratu zuen gaztetan, sakelako kalkulatzaile txikiak sortzen hasita. Ordenagailuen mundura salto egin zuen Sinclair ZX80 gailuarekin 1980an, Erresuma Batuan 100 liberatako preziora saltzen zen lehen ordenagailua izanik.
1982ko apirilaren 23an merkaturatu zuen Sinclairrek ZX Spectrum 48K gailua. RAM-eko 16KB-rekin, erabiltzaileek 32KBeko gehigarria erosteko aukera zuten. Txikia eta merkea, arrakasta hutsa izatea lortu zuen, eta askorentzat informatika munduan sartzeko lehen pausoa izan zen.
Mikroordenagailu honek hainbat bertsio berri jaso zituen zehaztapenak hobetuz. Sinclair Research enpresak sortutako modeloek kaseteen irakurgailua beharrezkoa zuten softwarea kargatzeko; Amstrad enpresak hauek bereganatu osteko modeloek irakurgailuarekin batera saltzen ziren.
Belinda Sinclair alabaren hitzetan “oso argia eta edozertarako interesa agertzen zuen” pertsona izan zen bere aita. “Ideiak eta erronkak ziren interesgarriak berarentzat. Zerbait asmatzerakoan esaten zuen: ez dauka zentzurik norbaiti interesatzen zaion galdetzeak, oraindik ezin dutelako imajinatu”.
Iruzkinak