inXile Entertainment taldeak erabakiz betetako tiro joko ikusgarria kaleratuko du, baina argitaratze datak ezezaguna izaten jarraitzen du.

Clockwork Revolution proiektuak aurrerapen berria aurkeztu du Xbox Games Showcase emanaldian. Steampunk girotzedun lehen pertsonako akzio RPGak mundu bitxia sakontasunean aurkezteko aprobetxatu du.

Avalon hirira bidaiatuko dugu, baina ez edonola: denboran bidaiatzeko gailua aurkituta, iraganera joango gara arazoekin topo egiteko. Tximeleta efektuari esker orainaldia aldatzen joango gara hartuko ditugun erabakiekin; izan ere, hautuek pisu handia hartuko dute Clockworken.

Pertsonaia eroak, robot hilgarriak eta gune ikaragarriak ikusiko ditugu jokoan zehar, baina tiroketek izango dute erabateko protagonismoa. Steampunk armategi retrofuturista zabala edukiko dugu eskura; are gehiago, hau nahi bezala pertsonalizatuko dugu eskainiko zaizkigun aldagai mordoarekin.

Horrez gain, denboran zehar ibiltzeko boterearekin kokalekuetako elementuak eraldatzeko ahalmena edukiko dugu. Borroketarako zein esploraziorako balioko digutela dirudi, baina gehiago dago: RPG mekanikekin gure pertsonaia propioa sortu, eta bere ezaugarriak hobetzen joango gara, adibidez, hizketaldietan trebeagoak eta xarmagarriagoak izateko.

Etorkizuna kontrolatzeko eguna urruti dagoela dirudi, tamalez: Clockwork Revolutionek ez dauka kaleratze datarik oraindik. Xbox Series eta PC gailuetan jokatuko dugu heltzen denean, hori bai.