Jokagarritasunean sakondu dute Relic Entertainment-ekoek azken bideoarekin. Alfa bertsiora jokatzea ahalbidetu dute.

Estrategia jokoen zaleen artean benetan maitatua da Company of Heroes frankizia. Relic Entertainmentek 2006an hasitako bideak hirugarren atala jasoko du, eta azkenik ezagutu dugu argitaratze data: Company of Heroes 3 azaroaren 17an estreinatuko da.

Meditarreonoko gudu zelaietara eramango gaitu titulu berriak: Italia zein Ipar Afrika dira, besteak beste, iragarritako borrokalekuak. Eskuadroietan oinarritutako unitateak kontrolatzen jarraituko dugu; dena den, tankeekin eta bestelako ibiligailuekin garaipena lortzea errazagoa izango da.

Jokagarritasun mekaniken berri emateko trailerra prestatu dute Relicekoek. Bertan alfa misioko tutoriala erakutsi dute: oinarriak ezagutzeko bide aparta da. Mekanika aldetik borroketara zuzendutako jokoak izan ohi diren arren, mamia dute CoH sagako tituluek.

Horrez gain, kanpainei buruzko informazioa jaso dugu. Bi modalitate desberdin iragarri dituzte arduradunek: Ipar Afrikakoak ez du misterio handirik izango, misio desberdinetan zehar aurrera egiten ariko baikara istorio lineal batean; Italian girotutakoak, ordea, konkistatu beharreko mapa ekarriko digu. Modu horretara, zale mota desberdinentzako aproposa den joko mota eratu nahi izan dute.

Aipatutako alfa misiora jokatzeko aukera dugu, gainera: uztailaren 19ra arte jokoaren webgune ofizialean izena ematen dutenek Steam bidez jaitsi dezakete. Probatu duten zaleen artean balorazio onak jaso ditu alfa bertsio honek; hortaz, sagaren berpizkundearen aurrean gaudela dirudi.

Company of Heroes 3 PCra iritsiko da azaroaren 17an.