Conanen bertsio desberdinak kontrolatuko ditugu. Ordenagailuetan estreinatuko du Games Farm taldeak 2027an.

Games Farm estudioak eta Grindstone argitaletxeak Conan: The Black Pyramid iragarri dute. Borrokalari barbaroaren abentura berriek akziozko RPG abentura ekarriko dute roguelike ideiekin elkartzeko.

Piramide beltza aurkituta, bere barrenetan barneratuko da Conan, dimentsio alternatiboak aurkitzeko. Barbaroaren beste bertsio batzuk nahiz Robert E. Howard-en komiki desberdinetako pertsonaiak —Solomon Kane ageri da hortik— ezagutuko ditugu, guztiekin jokatzeko aukera eskainita.

Hades eta Diablo gogorarazten dituen jokagarritasunarekin, ziegak, suntsitutako herrixkak, tenpluak eta bestelako guneak zeharkatzen ariko gara dozenaka munstro eta arerio suntsitzeko. Modu horretara, garatzaileek Jotunnslayer edo Vikings – Wolves of Midgard bezalakoen oinarriak Conanen unibertsoarekin batuko dira.

Ezpatadak, tiroak eta magiak erabiliko ditugu, kontraerasoekin, saihesteekin edo exekuzioekin borroka odoltsuetan arituz. Guztira, bost heroi aurkeztuko dizkigu jokoak, hasiera batean behintzat. Bakoitza nahi bezala pertsonalizatzeko zein hobetzeko aukera egongo da bidean aurkitzen joango garen armekin, abileziekin zein artefaktuekin. Dadoak bilduta, objektu indartsuagoak jaso ahalko ditugu: gure esku egongo da dadoak noiz erabiltzea komeni den asmatzea.

Gakoa, baina, multijokalaria izan daiteke: bi lagunek har dezakete erronka, kooperatiboan gainditzen saiatzeko. Sareko partiden bidez jokatuko da, bidaia partekatuz, baina bakoitzak bere ordainsariak eta altxorrak gordeta, aurrerapenarekin batera.

PCrako prestatzen dabiltza, oraingoz, behintzat, Conan: The Black Pyramid. 2027an helduko da.