Beste mundu bateko esperientzia.

80ko eta 90eko. hamarkadetan Konami-ren logoa kalitatearen zigiluaren pareko zela entzunda daukat, baina ez naiz garai hartako konpainiaren joko askotan murgildu nik neuk baieztatzeko moduan. Gaur egun Super Nintendo-k oparitu zizkigun bideojokoen esploratzean lanean nabil eta altxor zaharren aurrean jartzeko garaia iritsi da. Oraingoan, Contra III, edo Super Probotector, PAL lurraldekook ezagutu genuen bezala, lurpetik atera dut, urteetan esan dena egia ala mitoa ote den.

 

Zein da SNES baten Sprite kopuru muga?

Jokoa piztu bezain pronto, Konami logoaren ostean, zinematika labur bat dator esperientziari testuingurua jartzeko. Estralurtarrek Lurra indarrez hartu dute eta 80ko hamarkadako akzio filmetan oinarritutako bi heroiek mendekua bilatuko dute. Nork behar du argumentu gehiago? Nik ez behintzat. Sarrera hau alde batera utzi daiteke dena den, botoi bat sakatuz, zuzenean hasierako menura jauziz. Bertan, jokalari kopurua, zailtasuna eta bizitza kopurua alda daitezke. Nire kasuan, bakarka egin diet aurre alien iritsiberriei, aukerak datozen bezala utzita.

Eskuartean daukadan titulu honek ez du jokalariaren denbora galtzen. Menu nagusitik irten eta berehala hiri setiatu baten erdian aurkituko da gure protagonista, pantailako txoko guztietatik amaigabeko arma hobekuntza eta etsai jarioaren erdian. Contra IIIk hasieratik ezartzen du bere filosofia: Erreflexu azkarrak garatu edo hasierako menura itzuli.

Kuarteleko entrenamenduak ez gaitu hontarako prestatu

Bideojoko hau kaosaren beraren umea iruditu zitzaidan hasieran, baina minutu gutxira bere barrenak ulertzen hasia nintzen. Kontrola erraza da eta bikain erantzuten du. Pertsonaia nagusia airean dagoela ere mugi daiteke aparteko zehaztasunarekin. Heriotzak jokalariaren gain daude eta hala sentitu ditut, etsaien mugimenduak ulertu ditudanean behintzat. Ez du bidegabeko heriotzik ematen, pantailan gertatzen den guztiak bait dauka bere zergatia. 

 

Jarraitzeko grina

Ez dit axola izan zenbatetan porrota dastatu dudan joko hontan. Beste aukera baten bila murgildu naiz bertan, pentsatu gabe, behin eta berriro. Jarraitzeko aukerak xahututa ere, jokoaren hasierara itzuli naiz, neke izpirik gabe nire baitan. Joko honek hipnosira bideratu nazakeen ariakortasun bat dauka, beste inolaz adierazi ezin dudana. 

Erritmo bikaina mantentzen du bere sei gune ezberdinetan zehar. Akzioa, plano berean ezkerretik eskubira garatzen da orokorrean, bi gunetan izan ezik. Hauetan, gure heroia goitik ikusita, 360º-ko kontrola edukiko dugu, postu estrategikoak suntsitzen saiatzen garen bitartean. 

Etsaiak eta efektuak estralurtarrak dira

Tituluak oztopo ezberdinak aurkezten dizkio jokalariari, bat bera ere errepikatu gabe baina estrategikoki ipinitako arnasguneekin, erritmoa aldatuz eta oztopoen izaera eraldatuz. Errealismo gehiegirik ere ez du bilatzen, bere onurarako. Honela, dordoka mekanizatu erraldoi baten aurka tiroka aritu naiz, gotorleku bat eskalatu dut barrura oldartzeko eta misil batetik bestera saltoka zerua zeharkatzera behartua izan naiz, espazio ontzi bat suntsitzen saiatzen nintzelarik, besteak beste. Eromena. Eromena eta gozamena.

Oztopoak gailentzeko armategia txikia bada ere, ez du gehiago behar. Arma guztiek daukate beraien funtzioa eta etsaien ilaratan sarraskia eratzeko boterea. Su jaurtigailua, laserra, bi misil mota eta eskopeta dira protagonisten arma nagusiak, amaigabeko munizioa daukatelarik gainera. Horrez gain, pantaila osoa garbitzeko gai diren lehergailu mugatuak ere badira eskuragarri.

 

Ez dakit zer den, baina argi ikusten dut

Teknikoki obra miresgarriaren aurrean nago. Pantaila detailez josita dago une oro, hondoa ere paisaia ezberdinez apainduta dago beti, mugimenduan, jokoak berak daukan azkartasunari enfasia emanez. Sprite lana bikaina da existitzen ez diren guda tramankulu eta estralurtarrak irudikatzen. Bai mailatan zehar ageri diren etsai arruntak, bai maila amaierako munstro erraldoiak, bikainki aurkeztuta daude.

Nagusi erraldoien aurkezpenak miresgarriak dira

Soinu aldetik ere lan bikaina egin da obra hontan. Maila bakoitzak bere melodia ezberdina dauka. Akzioz beteriko uneek eskatzen duten modukoa. Mila soinu efektu ezberdinek apainduta, tirokatzeek, etsaiek, eztandek eta beste hainbat gertaerek sortuta. Batzuetan SNES-aren soinu kanal guztiak erabiltzen ditu eta pertsonaia nagusiaren arma mututu egiten dela sumatu dut. Ez da jostagarritasunaren kalterako dena den.

Itzela iruditzen zait Konamik 1992an argitaratutako lana eta miresgarria nola Super Nintendo kontsola gutxitan moteltzen den pantailan askotan gertatzen diren gauza kopuru handiarekin. Jokoa erronka polita izan da niretzat, 12 ordu behar izan ditudalarik amaiera ikusteko. Hau da azkenaldian behar nuen arkade esperientzia. Super Nintendoko jokalari ororentzat beharrezko geldialdia, zalantzarik gabe.